Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

goi-nafarrera

Nafarroako ipar-mendebalean eta erdialdean, eta Gipuzkoako ipar-ekialdean hitz egiten den euskararen dialektoa. 70.000 euskaldun inguru mintzo da goi-nafarreraz gaur egunean. Bi molde nagusi bereizten da goi-nafarreran: iparraldeko goi-nafarrera (Bortziriak, Baztan, Ultzama, Arakil, Araitz eta Gipuzkoako goi-nafarrera) eta hegoaldeko goi-nafarrera (Iruñetik iparraldekoa: Eguesibar, Olaibar, Artzibar, Esteribar, Erroibar, Auritz; Iruñetik hegoaldekoa: Oltza, Zizur, Gulia; Izarbeibar: Gares). Hegoaldeko goi-nafarrera, Iruñeko hirian hitz egiten zen euskara mota hain zuzen ere, desagertzear dago gaur egun eta iparraldeko goi-nafarrerak sendo dirau, Arakilgo eta Ultzamako haranak erdaldundu samar dauden arren. Nafarroako euskara mota nagusia izan da goi-nafarrera historian zehar. Hegoaldeko goi-nafarrerak ekialdeko joera garbia eta iparraldekoak baino molde zaharragoak ditu oro har. 1561. urtean eman zen argitara lehenengoz goi-nafarreraz idatzitako liburu bat (Doctrina christiana, Antso Elso izeneko batek egina), baina alerik ez da gaur egunera iritsi. Nolanahi ere, idazle gutxik idatzi du historian zehar goi-nafarreraz: Juan Beriain Iruñerriko apeza nabarmendu zen XVII. mendean, Sebastian Mendiburu oiartzuarra (Jesusen amore-nequeei dagozten cembait otoitz-gai, 1759-1760) eta Lesakako Jose Antonio Miquelestorena (Cerura nai duenac ar dezaquean vide erraza, 1751) XVIII. mendean eta Elkanoko Joaquín Lizarraga (Urteco igande guztietaco platicac edo itzaldiac, 1846an argitara emana) XIX. mendearen hasieran. Goi-nafarrerak eremu handia galdu zuen XIX. mendean (karlistadek eragin handia izan zuten galera horretan) eta sostengurik gabe geratu zen oro har Nafarroa Garaiko euskara (goi-nafarrera, behe-nafarrera, erronkariera).