Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE)
Nazio Batuen Erakundearen arabera, gobernuen arteko akordioen bidez sortu ez den nazioarteko edozein erakunde. Beraz, nazioarteko erakundeetatik bereizten dituena gobernuen mende ez egotea da. Gaur egun, zeregin ofiziala betetzen dute nazioarteko beste erakunde batzuetan, hala nola Nazio Batuen Erakundean, Segurtasun eta Garapenerako Erakundean eta Europar Batasunean. Nazio Batuekiko erlazioak NBEn sei organo nagusietako bat den ECOSOC delakoak (Economic and Social Council, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala) gobernatzen ditu. Beren jardueretan mugak gainditu arren, harremanak eta akordioak lor ditzakete gobernuen parte hartzerik gabe. Nazioarteko erlazioetako partaidetzat hartzen dira. GKEak erregistratu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dituzte: erakundeak ECOSOCen eskumenekoak diren eta bere lan eremuaren barrukoak diren gaiez arduratu behar dira; erakundearen helburuek Nazio Batuen helburu eta izpirituekin bat etorri behar dira; irabazi asmorik gabekoak izan behar dira; jarduerarako egitasmoa onartua izan behar dute; eta bere asmoak lortzeko baliabideak izan behar dituzte. Erakunde hauei buruzko informazio osoa UIAk (Union of International Associations) urtean behin argitaratzen duen Yearbook of International Organizations buletinean aurki daiteke. Lehenengo Gobernuz Kanpoko Erakundeak XIX. mendekoak dira: 1840an, adibidez, Esklabotasunaren Aurkako Munduko Hitzarmena bildu zen, eta esklabotasuna ezabatzeko mobilizazioak eragin zituen nazioartean. Gaur egun izugarri hedatzen ari den fenomenoa bihurtu da GKEen fenomenoa: 1909an 200 inguru zeuden erregistraturik, eta 1992an 5.000 baino gehiago. Helburu eta kausa humanitario ugari izaten dituzte, baina oro har iparraldeko herrialde garatuen eta hegoaldean garapen bidean daudenean arteko aldea txikitzen laguntzekoa izaten da, batez ere baliabideen banaketari, komunikazioari eta hezkuntzari dagozkien gaietan. Adibide ezagunetako batzuk Amnesty International, Gurutze Gorria edo Mugarik Gabeko Medikuena dira. Teorian estatuekiko independenteak diren arren, finantza arazoak direla-eta kezkagarria ari da bihurtzen gobernuekiko hartzen ari diren mendekotasuna, gobernu askok beren helburu politikoen zerbitzurako erabili nahi izaten baitituzte. Horregatik, erakunde hauen helburua da finantzaketa beren bazkideen edo herrialde garatuetako hiritarren diru laguntzen bidez lortzea.
- gobernari
- gobernatu, goberna, gobernatzen
- gobernatzaile
- gobernatze
- gobernu
- Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE)
- Gobi
- gobido
- gobi-gobi
- Gobineau, Joseph Arthur. ;(Gobineau
- gobio