Gluck, Christoph Willibald
Alemaniar musikaria (Erasbach, 1714 - Viena, 1787). Pragan egin zituen musika ikasketak; Vienan osatu zituen eta ondoren Milanen Sammartinirekin ikasi zuen (1736). Italiako operaren moldeak oinarri hartuta, 1741. eta 1752. urteetan, bere lehen obra dramatikoak Europako hiri askotan antzeztu zituen. Vienara itzulita (1752), gorteko kapera maisu izendatua izan zen (1754). Durazzo kondeak eskaturik, garai hartako opera komiko frantsesak egokitu zituen, baina opera italiarrak idazteari utzi gabe (Il re pastore, Telemacco, Antigono). Operaren estiloa guztiz eraberritu zuen, Raniero de Calsabigi libreto egilearekin batera Orfeo ed Euridice operarekin (1762). Sotiltasuna eta naturaltasuna lortu nahirik prestatu zituen ondorengo operak ere: Alceste (1767), Paride ed Elena (1770) eta Iphigénie en Aulide (1773). Azken honek eta Orfeo operak opera italiarraren moldeen aldekoen erantzuna ekarri zuen. Urteetan luzatu zen eztabaida hura; Gluckek berriz ere, arrakasta izan zuen (Armide, 1777; Iphigénie en Tauride, 1778), baina oso porrot handia Echo et Narcisse operarekin (1779). Mindurik eta Parisez nazkaturik, Vienara itzuli zen (1779). Bere 107 operaz, opera komikoz, ballet-pantomimez gainera, Gluckek 10 sinfonia, 7 sonata, flautako kontzertu bat eta 7 lieder idatzi zituen. Elizako musika ere egin zuen (De profundis, Cantata). Baina teatro lirikoa eraberritu izanak eman zion ospe handiena. Ekintza trinkotzea eta bihotzeko hizkera lantzea ziren Gluken asmoak, musika hunkigarria sortzeko. Koruak antzinako tragedia grekoetan bezala parte hartzen du operan.
- Gloucester
- Gloucester
- Gloucestershire
- Glover, John
- gloxinea
- Gluck, Christoph Willibald
- glukagoi
- glukano
- glukogenesi
- glukogeno
- glukolisi