Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Glasgow

Britainia Handiko hiria, Eskoziako handiena eta Erresuma Batuko hirugarrena, Clyde ibaiaren bi aldeetara. 696.000 biztanle (1989). Strathclyde eskualdeko hiriburua eta Glasgowko barrutiko hiri nagusia da. Industria eta merkataritza hiria. Portuak 12 milioi inguru tonako sartu-irtenak ditu, eta Erresuma Batuko ontziola handienak bertan daude. Metalurgia, fundizio, kimika, ehungintza eta elikadura industria izan dira ohiko ekonomia jarduerak. Baina industriaren eraberriketak langabezia handia sortu du (Erresuma Batuko langabeziaren batez bestekoaren halako bi). Industria berriak sortu dira hala ere: automobila, doitasunezko mekanika. Monumentu gutxi ditu: San Mungoren katedrala (XIII. mendetik XV. mende bukaerara eraikia), estiloz gotiko zaharrekoa. Art Gallery and Museum delakoak Britainia Handiko pintura bilduma bikaina du. Glasgow-en jaioak dira Th. Campbell eta Sir Colin Campbell, James G. Frazer, Th. Graham, W. Hamilton, J. A. Macdonald, W. Ramsay, W. Wallace. v Historia. Glasgow San Mungok sortu zuen VI. mendean, eta gotzainaren egoitzaren (1175) eta geroago unibertsitatearen (1450) inguruan hazi zen hiria. Eskozia Ingalaterrarekin lotu zenetik (1707), Glasgow-en garapena Sartaldeko Indietako merkataritza egiten zuen portuari lotu zitzaion: azukrea, tabakoa, kotoia. XIX. mendean, Clyde ibaiaren moldaketarekin batera (Forth-eko ubidea, etab.), ikatza eta burdina aurkitu zenetik, hiriak zabalkunde ekonomiko handia izan zuen.