Glaser, Donald Arthur
Estatubatuar fisikaria (Cleveland, 1926). Sorterriko Teknologia Institutuan atera zuen diplomatura eta Kaliforniako Teknologia Institutuan eskuratu zuen doktoregoa. Michigango Unibertsitateko irakaslea izan zen 1949-1959 urteen artean, eta Kaliforniako Unibertsitatekoa, Berkeleyn, 1959. urteaz gero. Fisikako Nobel saria irabazi zuen 1960. urtean, zortzi urte lehenago asmaturiko burbuila ganberari esker. Glaserrek hainbat ikerketa egin zituen Wilsonen laino ganberari buruz eta ganbera haren hobekuntzatik sortu zuen bere burbuila ganbera. Bere asmakizunarekin garrantzi handiko aurrerapenak egin ahal izan ziren fisika nuklearraren alorrean. Izan ere, ganbera horrek energia handiko partikulak geldiarazten ditu, eta horrela partikulek egindako ibilbidea argazki bidez jasotzeko aukera dago; burbuila ganberaren barruan gas likido bat dago, eta partikula nuklearrak gai horretan bonbardatzean, burbuilazko arrasto bat sortzen da, argazkitan jaso daitekeena.