Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gizontze

Gizondu aditzaren aditz izena. Antr. Gizon egitea; primateen ordenako antzinako formetatik abiatuta, gizonaren bilakaera azaltzen duen prozesua. Gizontze prozesua landare eta abere moten bilakaera orokorra eragin zuten mekanismo berberek eragin eta baldintzatu zuten. Garai batean nagusi zen ustearen arabera, bilakaera prozesua prozesu geldia izan zen, egokitzeko aldaketak pilatzeak eraginda. Gaur egun oso kontuan hartzen da, hala ere, gerta daitezkeela zenbait aldakuntza aski bizkor, talde batean, eta aldaketa horien berezitasunak zenbait belaunalditan herentziaz transmiti daitezkeela, era horretara tipo berriak eratzen direla. Anatomiari dagokionez, gizonak badu jarraitasun bat tximino antropomorfoek dituzten ezaugarriekiko: antzeko eskeletoa, antzeko gihar sistema, antzeko nerbio sistema eta antzeko ugalketa sistema. Era berean, antzeko eritasunak izateko joera dute gizonak eta tximino antropomorfoek. Gizonaren bilakaera markatzen duten berezitasun berezienak burezurraren edukieraren handiagotzea, entzefalo handiagoa hartu ahal izateko, eta bi oinen gain ibiltzea dira, horrek eragin zituen aldakuntza guztiekin: hanken eta eskuen espezializatzea, mokor hezurra, bizkar hezurra eta sexu organoen kokaera eta tamaina aldatzea. Bilakaera bidea. Biokimikazko ikerketa berriek gizonaren eta tximino antropomorfoen arteko ahaidetasuna azaltzeko aukera eman dute. Gizonak, txinpantzeak eta gorilak lotura estua dute elkarren artean, arbaso berberak dituzte, eta orain dela 8 milioi urte ingurura arte bilakaera berbera izanak dira, dirudienez. Teoria hori baieztatzeko ala gezurtatzeko, ordea, oso aztarren fosil gutxi geratzen dira eta oso zatituak. Gizonaren antzeko anatomia duen lehenengo fosila Australopitecus afarensis da, orain dela 3 milioi urte ingurukoa. Oin biren gainean zebilen ordurako, eta harengandik datoz gainerako australopitekoak (africanus, robustus, boisei). Hiru hominido mota habitat eta garai berberetan bizi ziren zenbaitetan, baina ez dira gizonaren zuzeneko arbasotzat hartzen. Homo habilis-ak (2 milioi urte) australopitekoek baino burezur handiagoa du, eta bere hondakinekin batera harrizko tresneria agertzen da batzuetan; horrexegatik hain zuzen, gizontzearen bidean dagoela uste da. Baliteke Australopitecus afarensis-arengandik zuzenean etorria izatea, baina bitarteko kateak mailaren bat falta du, bidea osatzeko. Bilakaeraren hurrengo pausoa homo erectus da (1,5 milioigarren urtetik 200.000. urtera); homo habilis-aren ondorengoa da, eta lehendabiziko gizontzat hartzen da, bere kulturan sua ezagutzen baitzuen, eta hitz egiten ere bazekien ziurrenik. Homo sapiens (Neanderthal-eko gizona) (200.000 urtetik 35.000 urtera) erectus-engandik zuzenean dator, baina ez dago garbi zein lotura dagoen haren eta homo sapiens sapiens-aren artean (Cromagnon-go gizona eta gizon modernoa), zeren paleoantropogolo batzuen ustez sapiens-aren alde batera izan baitzuen bilakaera, eta gero haren lekua hartu baitzuen; beste batzuen ustez, berriz, aldakuntza bat izan zen homo sapiens-etik sapiens sapiens-era. ik. hominizazio.