Givenchy, Hubert de
Frantses jostuna (Beauvais, Oise, 1927). 1945. urtean Arte Ederretako eskolan sartu zen eta Jacques Fathekin hasi zen lanean. Ondoren Piguetekin ikasi zuen, gero Lelongekin, eta azkenik Schiaparellorekin, zeinarekin lan egin baitzuen lau urtez. 1951. urtean Parisa aldatu zen, eta hurrengo urtean aurkeztu zuen bere lehen bilduma, Bettina modeloaren eskutik. Givenchyk “Bettina” izena jarri zion, hain zuzen ere, berak asmatu eta ospe handia lortu zuen alkandora bati. Modelo harekin egindako lanak berehalako ospea eman zion, eta 1954an prêt-à-porter denda bat zabaldu zuen. Hubert de Givenchyk Balenciaga maisuaren zenbait bezero ospetsurentzat lan egin zuen; maisuaren tradizio klasizistaren jarraitzaile izan zen eta jantzi dotore, soil, eroso eta klasikoak egin zituen, oro har, alde batera utzirik garaian garaiko bitxikeriak. Jantziak ez ezik, lurrinak ere sortu zituen Givenchyk, adibidez Interdit eta De (1957), Givenchy III (1970), Ysatis (1968) eta Amarige (1991) emakumezkoentzat, eta gizonezkoentzat Monsieur de Givenchy eta Vetyver (1959).