Gisbert, Joan Manuel
Espainiar idazlea (Bartzelona, 1949). Gaztetatik izan zuen musikarako, antzerkirako eta literaturarako zaletasuna. Gaztetan hil zitzaion aita, eta gazterik hasi behar izan zuen lanean familiari laguntzeko. Horrek zenbait argitaletxerekin lanean jarduteko aukera eman zion, eta horrela hasi zen liburugintzaren mundua ezagutzen. Parisa alde egin zuen ikastera eta handik Bartzelonara itzuli zenean argitaratu zuen lehenengo liburua, Escenarios fantásticos (1979, Gertaleku fantastikoak), izenburuak iragartzen duen bezala bere ikuskizun fantastikoak biltzen dituena. Hurrengo urtean Lazarillo saria irabazi zuen El misterio de la isla de Tókland (1982, Tókland uharteko misterioa) obrarekin, eta hari esker lortu zuen Gisbertek Espainiako haur literaturako joera fantastikoaren aitzindari ospea; kritikak Tolkien eta C. S. Lewisekin alderatu zuen. Hurrengo lan garrantzitsuak Leyendas del planeta Thamyris (1982, Thamyris planetako elezaharrak) eta El museo de los sueños (1984, Ametsen museoa) izan ziren, eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala eskuratu zuen haiei esker 1985. urtean. Gisbertek oso obra originalak osatu ditu, eta abentura bitxiak eta misteriotsuak idatzi ditu eguneroko bizitzatik abiatuta. Aipagarriak ditu orobat: El mago de Esmirna (1969, Esmirnako aztia), El Arquitecto y el Emperador de Arabia (1988, Arkitektoa eta Arabiako enperadorea), El talismán del Adriático (1988, Adriatikoko bitxia), Misterio de la Mujer Autómata (1991, Emakume automataren misterioa), Los armarios negros (1996, Armairu beltzak). Literaturaren alorrean egindako lanaz gainera, Joan Manuel Gisbertek irudimenaren garapenari buruzko eskolak ematen ditu, argitaletxe bateko aholkularia da eta hainbat jardunalditan parte hartu du.