Gish, Lillian
Estatubatuar antzerki eta zinema antzezlea (Springfield, Ohio, 1896 - New York, 1993). Antzerkian egin zuen debuta 14 urte zituela, bere ahizpa Dorothyrekin (1898-1968). Estatu Batuetan eta Kanadan zehar bira bat egin zuen, eta hartan egindako lana ikusirik, Griffith zinema zuzendariak zineman antzezle gisa jarduteko aukera eskaini zien bi ahizpei. Hrrela egin zuten debuta 1912. urtean, Etsai ikusezina fimean. Zuzendari harekin egin zituzten, orobat, Munduko bihotzak (1918) eta Bi umerzurtz txikiak (1921), eta Lillian Gishek, bakarrik, Nazio baten sorrera (1915), Besteren hobena (1919) eta Bi ekaitzak (1920). Griffithek lortu zuen Lillian Gishek zinemarako zituen dohain dramatikoak agerraraztea, lehenengo planoaren teknika berrizalea erabiliz. Zinema mutuaren garaian egin zituen lanik aipagarrienak Gishek, eta 1910eko hamarraldian eredu femeninoa irudikatu zuen: begi eta aho txikiak, lotsatia eta garbia. Adierazkortasun handiko eta izaera bereziko antzezlea izan zen, zinemaren historiako antzezlerik adierazgarrienetakoa. 1920. urtean Remodeling your Husband (Zure senarra eraberritzen) filma zuzendu zuen, bere ahizpa Dorothy zela protagonista. Baina lanik garrantzitsuena 1928an egin zuen, Haizea filmeko interpretazioarekin, zinema mutuko interpretaziorik gogoangarrienetako bat. 1930ean zinema ahostuna sortu zenean eten egin zen Lillian Gishen zinemako karrera, baina 1940ko hamarraldian agertu zen berriro, zaharturik baina ohi bezain indartsu. Harrezkero egindako filmen artean azpimarratzekoak dira Duelua eguzkipean (1947, bigarren mailako emakumezko antzezlerik onenaren Oscar sarirako izendatua), Ehiztariaren gaua (1955), Eztei eguna (1978), Askatasun gozoa (1986).