Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gipuzkoa

Euskal Herriko erdialdeko herrialdea, Euskal Autonomia Erkidegoko ekialdean. 1.980 km2; azalerari dagokionez, EAEko herrialderik txikiena da Gipuzkoa, EAEren % 27 hartzen du. 2006ko datuen arabera 686.665 biztanle ditu. Mugak: Kantauri itsasoa, iparraldean; Lapurdi eta Nafarroa, ekialdean; Bizkaia eta Araba mendebalean eta Nafarroa eta Araba, hegoaldean. Hiriburua: Donostia. Hiri nagusiak: Irun, Errenteria, Eibar, Arrasate, Pasaia, Lasarte-Oria, Tolosa, Hernani, Andoain, Bergara, Zarautz, Hondarribia, Azpeitia, Beasain, Elgoibar, Azkoitia, Zumarraga, Legazpia eta Oñati. Eskualde nagusiak: Oiartzualdea, Debabarrena, Debagoiena, Donostia-Beterri, Goierri, Tolosaldea eta Urola Kosta. v Orografia. Oso herrialde menditsua da Gipuzkoa. Kostaldea, Hondarribiatik Mutrikuraino hedatzen dena, pikatua eta malkartsua da (Jaizkibel, 543 m; Igeldo, 255 m; Arno, 612) eta sei itsas-sarrera nagusi ditu, ibaien bokaleetan (Hondarribia, Pasaia, Donostia, Orio, Zumaia eta Deba). Hegoaldean daude mendi gorenak, Araba eta Nafarroako mugan (Aumategigaña, 1.187 m; Udalatx, 1.092 m; Aizkorri, 1.554 m; Txindoki, 1.341; Balerdi, 1.179; Ganbo, 1.408 m) eta 1.000 metro inguruko mendiak dira kostaldearen eta mendi gorenen artean (Ernio, 1.072 m; Adarra, 817 m; Mandoegi, 1.043 m, erdialdean; Aiako Harria, 832 m, ekialdean; Pagoeta, 733 m eta Izarraitz, 1.026 m, mendebalean). Erdialdeko eremu honetan daude beterri edo behe-eremuak, ekialdean nagusiki. v Hidrografia. Kantauri itsasoan isurtzen dira Gipuzkoako ibaiak. Ez dira luzeak eta ur emari handi samarrekoak dira. Gipuzkoako ibaietatik lau Gipuzkoako mendietan sortzen dira (Deba, Urola, Oria, Oiartzun) eta Nafarroako mendietan beste hiruak (Urumea, Bidasoa). Baztanen sortzen da Bidasoa ibaia (han Baztan izena hartzen badu ere), 66 km egiten ditu osotara baina Gipuzkoan azken 11 kilometroak baizik ez (Irun-Hondarribia); Biandizko mendian sortzen da Oiartzun ibaia eta 16 km egiten ditu (Oiartzun, Errenteria, Lezo, Pasaia); Nafarroako Goizuetan jaiotzen da Urumea ibaia eta 39,5 km egiten ditu, erdia Gipuzkoan (Hernani, Astigarraga, Donostia); Aizkorriko mendietan sortzen den Oria ibaia da Gipuzkoako ibai luzeena (66 km, 861 km2 hartzen ditu Oriako arroak (Goierri, Tolosaldea, Orio). Aizkorriko mendietan sortzen da Urola ibaia, 55 km luze da eta Goierriko Urolaldea (Legazpi, Zumarraga) eta Urola Kosta eskualdea zeharkatzen ditu Zumaian itsasoratu baino lehen; Deba ibaia (530 km2-ko ibai arroa) Elgeako mendizerran jaiotzen da eta 54 km egiten ditu Deban itsasoratu aurretik. Ibai hauek haran sakonak urratu dituzte Gipuzkoako lurralde menditsuan, haranetan bizi da gaur egun Gipuzkoako jende gehiena. v Klima. Gipuzkoako klima ozeanikoa da, epela (13° urtean batez beste) eta hezea (1.500 mm batez beste). Udako batez besteko tenperatura 18-19° C-koa da, eta negukoa 8° C-koa. Gipuzkoa lurralde euritsua da, udazken eta neguetan batez ere.  v  Landaretza. Gipuzkoa haritz lurraldea izan da 500-600 m bitartean eta pago lurraldea aipaturiko metroetatik gora. Gizonaren eskuak, halere, errotik aldatu du ikuspegia eta XX. mendearen hasieratik pinudiak dira nagusi Gipuzkoako mendi eta basoetan. Basoari dagokion eremua herrialde osoko % 59,5 da (118.850 ha, % 62,5 pinua da). Aipagarriak dira, halaber, pagadiek (11.500 ha) eta hariztiek (2.700 ha) hartzen dituzten sailak. v Biztanleria. Bizkaian bezalatsu, behera egin du Gipuzkoan biztanleriak azken hogei urte hauetan. 60ko hamarkadako loraldi industrialaren eta immigrazioaren eta jaiotzen ugaltzearen ondorioz gora egin zuen biztanleriak 80ko hamarkadaren hasiera arte. 1981ean izan zuen Gipuzkoak, hain zuzen, biztanle gehien –695.000–, eta orduantxe hasi zen nabarmentzen gerora sakonduko zen krisialdi demografikoa, azken hogei urteotan ia 20.000 biztanle galtzera eta biztanleria zahartzera eraman duen prozesua. Nolanahi ere, bilakaera negatibo hori eten egin da azken urteotan. 1981etik 1986 bitartean Gipuzkoaren hazkunde tasa –2,6koa izan zen, eta tasa horrek negatiboa izaten jarraitu zuen 1991 arte. 90eko hamarkadan ez da hazkunderik izan, eta batez bestekoak kontuan harturik –eta Oiartzualdearen, Donostia-Beterriren eta Urola Kostaren hazkundeari esker– 1991-1998 aldiko hazkunde begetatiboa 0n geratu zen. 2001-2006 tartean, ordea, biztanleria %1,9 hazi zen, lehenengo aldiz azken hogei urteetan. Gipuzkoa zen 2006. urtean, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko herrialde gazteena: biztanleen %17,3 20 urtetik beherakoak ziren. Egoera hori nabarmena izan zen Urola Kosta eskualdean; bertan, gazteen ehunekoa 19,6koa baitzen urte horretan bertan.  v Hizkuntza. Gipuzkoako jatorrizko hizkuntza euskara da, gipuzkera, eta bera da euskara hobekien gorde duen industria herrialdea. Gaur egun, euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera. Gipuzkoako mendebalean bizkaiera da nagusi (Debagoiena eta Debabarrena, Deba, Mendaro eta Mutrikun izan ezik). Gipuzkoako ipar-ekialdeko euskalkia, aldiz, goi-nafarrera da (Irun, Hondarribia, Lezo eta Oiartzun). Gipuzkeraz hitz egiten da gainerako eskualde guztietan. 2001eko datuen arabera, Gipuzkoan biztanleen % 51,1ek euskalduntzat zuen bere burua eta % 19,7 ia euskalduntzat. Hezkuntzari dagokionez, 1999-2000 ikasturtean, esaterako, unibertsitatez kanpoko ikasleen % 81 D eta B ereduetan ari zen ikasten Gipuzkoan, EAEko batez bestekoaren gainetik 19 puntutan. Euskara hutsezko D eredua da gainera Gipuzkoan gehiena hazi dena, eta euskarazko irakaskuntza, maila askoz ere apalagoan bada ere, Lanbide Heziketara ere gainerako lurraldeetan baino gehiago zabaldu da. 2006-2007 ikasturtean ikasleen %70,1 D ereduan aritu zen, %19,8 B ereduan eta %10 A ereduan. v Ekonomia. Industria izan da XX. mendean Gipuzkoako ekonomia jarduera nagusia. Lehengairik ez izateak eta beharrezko energia sortzeko ahalmen ezak ez du Gipuzkoako industrializazio bidea galarazi. XX. mendean zehar, industriaren aldean, urritu egin da oro har nekazaritza, bizkortu arrantza eta sendotu zerbitzuen sarea. Nekazaritzan abere hazkuntza (behiak eta ardiak, zerriak eta hegaztiak. Esnea eta esnekiak.) nagusi da laborantzaren ondoan (artoa, bazkarako landareak, barazkiak, sagarra). Kontuan hartu behar da abereen bazkarako erabiltzen dela laborantzan gehien lantzen den gaia. Gipuzkoako inguru menditsuak aproposagoak dira abere hazkuntzarako lurra lantzeko baino. Bestalde, baserria da bertako nekazaritzagune nagusia. Familia giroko ustiakuntza unitateak dira baserriak; lur eremu urrikoak oro har eta bigarren mailako diru iturria eta etxebizitza baizik ez dira askotan, baserritarrek inguruko lantokietara jotzen baitute lanera (barazkigintzara mugatzen dira gehienetan horrelakoetan). Gipuzkoako basoek eta mendi lurrek eremuaren % 65 hartzen dute. Pinus Insignis pinu mota da nagusi gaurko egunean zuhaitzen artean. Oro har, baso ustiapena baserriko ekonomiako parte bat baizik ez da izaten. Luzera begira, errendimendu eta kalitate handiagoak eskaintzen dituzten beste zuhaitz mota batzuk hasi dira azkenaldi honetan landatzen (bertako pagoa, haritza…). Fruitu arbolen artean, aipagarria da sagarrondoak landatzen azken urteotan egin den ahalegina, sagardogintzari begira. Arrantzak garrantzi handia izan du Gipuzkoan XX. mendean zehar, baina behera egin du azkenaldi honetan. Pasaia da bertako portu nagusia (alturako arrantza, arraina izozteko itsasontziak, bakailaoketariak). Getaria (Gipuzkoako bigarren portua), Hondarribia (legatza), Orio (atuna eta antxoa), Donostia, Mutriku eta Zumaia dira gainerako arrantza portuak. Nolabaiteko garrantzia du arrantzari loturiko kontserba industriak. 1992an Europako Ekonomia Erkidegoak hartutako neurri murriztaileek galera handiak ekarriko dizkio Gipuzkoako, eta Euskal Herriko, arrantzari. Gipuzkoako industriak burdinolen eta kapitalismoaren aurreko industriaren (armagintza, ontziolak) herentzia jaso zuen. XIX. mendetik aurrera garatu ziren burdingintza (Beasain, Elgoibar, Bergara) eta metalgintza (Errenteria) molde berriak eta aldakuntzarako industria (Arrasateko Unión Cerrajera); indartu eta aniztu zen, orobat, Deba arroako armagintza (Eibar, Soraluze), eta industria mota garrantzitsu bat sortu zen papergintzaren alorrean (Oria arroa, Tolosaren inguruan, Hernani, Errenteria). Altzariak Zarautzen eta Urolako behe arroan landu ziren nagusiki 1936ko gerra arte. Gerra ondoren, 1940-1960 bitarteko urteetan, burdingintzari loturiko aldkuntzarako industria indartsu bat sortu zuten patroi handi batzuek (Orbegozo anaiak, Luzuriaga, Aristrain, Patrizio Etxeberria,…) eta molde guztietako industria zabaldu zen Gipuzkoa osora (besteak beste, garrantzi berezia izan du Gipuzkoan makina-erremintak). Patroi handi horien alboan, kooperatiba mugimendu bizkor bat sortu zen Arrasaten 1956. urtetik aurrera (Ulgor taldea, makineria elektrikoa eta elektronikoa. Finantza elkarteak eta Lankide Aurrezki Kutxa, 1959) eta herrialde guztira zabaldu zen kooperatiben higikundea 1960ko hamarkadan. Nolanahi ere, kinka larrian dago gaur egun Gipuzkoako industria; nazioarteko merkatuen esturak, enpresen antolamendu anakronikoak, hornidura zaharkituak, enpresa multinazionalekiko mendekotasunak (Gipuzkoako lantegi txiki asko automobilaren industriako gorabeheren mendean dago), eta finantzabide ezak egoera guztiz larrian utzi dute Gipuzkoako industria eta ekonomia. Zerbitzuen alorra garrantzitsua da Gipuzkoako gaur egungo ekonomian. Donostia da merkataritza hiri nagusia, baina Gipuzkoako hiri banaketa zabala da eta merkataritzagune garrantzitsuak daude eskualde guztietan. Irun, Errenteria eta Eibar dira horietako nagusiak. Bankuak eta finantza elkarteak Donostiara biltzen dira nagusiki. Turismoa garrantzitsua da kostaldean (Donostia, Hondarribia, Zarautz, Deba, Zumaia), baina batere ez ia barnealdean. Pasaiakoa da Gipuzkoako merkataritza portu nagusia eta Hondarribian dago Gipuzkoako aireportua. Gipuzkoako errepide sarea ongi hornitua dago (Bilbo-Behobia-Baiona; Irun-Goierri-Etxegarate-Gasteiz), hurrengo urteetan beteko diren hutsune batzuk dituen arren: Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko autobidea (Iruñea-Irurtzun-Andoain-Donostia) eta Gasteiz-Maltzaga autobidea. Bi burdinbide nagusik zeharkatzen dute Gipuzkoako herrialdea gaurko egunean: Espainiako Iparraldeko Burdinbideak (Otzaurte-Irun) eta Eusko Trenbideen Hendaia-Donostia-Eibar-Bilbo burdinbideak. Aurreko urteetako erritmo biziarekin alderatuz gero, zertxobait moteldu zen hazkunde ekonomikoa Gipuzkoan 1999an, EAEko gainerako lurraldeetan bezalatsu. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako ekomomia % 4,2 hazi zen 1999an, aurreko urtean baino gutxixeago, baina EAEko, Espainiako eta Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik. Oro har, zerbitzuak dira Gipuzkoan sektorerik garrantzitsuena. 1996an, lurraldean sortu zen balio erantsiaren % 53 sektore horrek ekarri zuen, eta industriak ekarria zen balio erantsiaren % 39. Horretan ere badira, ordea, alde nabarmenak eskualde batetik bestera. Debagoienak eta Goierrik eskualde erabat industrial izaten jarraitzen dute eta horietan industriak ekarri zuen 1996an sortutako balio erantsiaren % 65 eta % 55. Debabarrenan, Tolosaldean eta Urola Kostan ere ekarpen handiagoa egin zion industriak balio erantsiari zerbitzuek baino, nahiz eta orekatuagoak egon sektore biak. Lehen sektoreak batez besteko eragin txikia du Gipuzkoan –% 1,5– nahiz eta hori nabarmen handitu Goierrin, Tolosaldean eta Urola Kostan. Hala eta guztiz ere, eskualde bakar batean ere ez da % 3,5etik gora igotzen. Azken urteetako sektorerik dinamikoenetakoa eraikuntza da, 1996an balio erantsiari % 6ko ekarpena egin ziona. 1999an, esate baterako, horixe izan zen gehien hazi zen sektorea –% 6–, industriaren % 4,3 eta zerbitzuen % 4aren aldean. Esan beharra dagoen zerbitzuen hazkundearen osagarri nagusia azken urteotan Gipuzkoan turismoak izan duen gorakadan datzala. Garai batean Donostiak eta kostaldeko beste herriren batzuek hartzen bazituzten ere bisitari gehienak, turismoa lurralde osora zabaldu da, eta jarduera osagarri garrantzitsua bilakatzen ari da. 1996an 2.338.000 pezetakoa izan zen Gipuzkoan biztanleko Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 izanik, 102koa izan zen Gipuzkoakoa, nahiz eta lurraldearen batez bestekoaren gainetik egon Debagoiena (124) eta Tolosaldea (111), eta nahiko azpitik Oiartzualdea (84). Gipuzkoaren egoera ekonomikoaren azken urteetako bilakaeran garrantzi handia izan du 80ko hamarkadako krisialdi industrialaren ondorioz nahiko jota gelditu ziren eskualdeen suspertzeak. Krisialdiak gogor jo zituen Debabarrenako, Goierriko eta Donostialdeko hainbat udalerri. Gehientsuenetan hobera egin du egoerak, baina badira oraindik arreta berezia behar duten eskualde eta udalerriak, eta azken urteotan milaka milioi pezetako inbertsioak egin dira jarduerak biziberritzeko, industriari emandako lurrak sortzeko, ikerketa eta garapena bizkortzeko, proiektu berriak bideratzeko eta jarduera ekonomikoak ezinbesteko dituen azpiegiturak hobetzeko. Aipagarriak dira, halaber, krisiak gehien kaltetutako eskualdeetan egin diren ahaleginak; diru gehiena bereganatu duena Pasaialdea izan da, eskualde hori biziberritzeko 20.000 milioi pezetako inbertsoak hitzartu baitzituzten instituzioek 2001. urtean. Horretaz gain, beste hainbat eskualdetan ere badira garapen egitasmo berezituak, kasu askotan bertan sortutako garapen agentziek bultzatuak eta bateratuak. Gipuzkoaren egitura eta bilakaera ekonomikoa aipatzerakoan ezinbestekoa da MCC talde kooperatiboak duen eragina. Izan ere, 1999an Gipuzkoan sortu zen aberastasunaren % 8,3 MCCek ekarri zuen, eta industriaren kasuan % 12,7ra igo zen kopuru hori. Enpleguari dagokienez, 2000-2005 bitartean langabezia tasak behera egin zuen (% 4,6 2005ean.). Urola Kostako udalerri batzuetan izan ezik, gainerako eskualde guztietan behera egin zuen nabarmen langabeziak, beherakada horren buruan Debagoiena jarri zelarik. Edonola ere, 2007. urteaz geroztik, BPGaren igoera mantsotu egin zen (urte hasieran, hazkunde tasa % 4,5ekoa izan zen, eta urteko batez bestekoa, berriz, % 3,9koa), eta 2008an joera hori nabarmendu egin zen (Eusko Jaurlaritzak % 2,3 jaitsi zituen % 3,6ko aurreikuspenak). v Historia. Paleolitokoak dira egungo Gipuzkoako lurraldean aurkitu diren kultura aztarna zaharrenak eta Madalen garaikoak (K.a. 15000-K.a. 8500) dira orain arte aurkitu diren giza hondakin zaharrenak (Urtiagako leizea, Itziar). Garai bereko aztarna eta monumentu ugari aurkitu da Lezetxikiko (Garagartza, Arrasate), Ermitiako (Deba), Aitzbitarteko (Errenteria), Errailako (Zestoa), Ekaingo (Deba) eta Altxerriko (Aia) leizeetan. Asko dira Gipuzkoan Neolito eta Eneolitoko monumentuak (trikuharriak…). Euskal Herriko gainerako lurraldeak bezala, bazter samar geratu zen Gipuzkoako eremua Burdin aroan (K.a. 1000. urtetik aurrera) gertatu ziren migrazioetatik. Garai hartakoak dira harrespilak, ugari Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan, eta Intxurren (Aldaba, Tolosa) eta Axtrokin (Bolibar, Eskoriatza) aurkitu diren gotorleku harresidunak. K.a. I. mendetik aurrera eman zituzten Erromatar Inperioko historiagile latinoek eta grekoek (Estrabon, Ponponio Mela, Plinio Zaharra, Ptolomeo) Gipuzkoako lurraldeko biztanleei eta herriei buruzko lehen xehetasunak. Iturri horien arabera, hiru euskal leinu ziren gaur egungo Gipuzkoan: karistiarrak, Deba ibaiaren ezkerraldean; baskoiak, Oiartzun ibaiaren eskuinaldean, eta barduliarrak, bi ibai horien arteko lurretan. Euskarak eman dio jarraipena leinu bereizketa horri gaur egun arte: goi-nafarrera, baskoien euskara, da Gipuzkoako ekialdeko euskalkia; bizkaiera, karistiarren euskara, da Deba aldeko euskalkia eta gipuzkera, barduliarren euskara, da Gipuzkoako gainerako eskualdeetako euskalkia. Historiaren argitan, Nafarroarekiko joera berezia izan dute Urumea ibaiaren eskuinaldeko herriek eta, lurraldeko mendebalean, Gipuzkoako lurraldetik kanpoko izaera bereziari eutsi dio luzaroan Oñatiko bailarak, esate baterako. Nolanahi ere, argi dago Erromatar Inperioak ez zuela halako eraginik izan Gipuzkoan. Lau hiri kokatu zituzten historiagile erromatarrek gaur egungo Gipuzkoako kostaldean: Tritium Tuboricum (Deba ?), Menosca (Getaria ?), Morogi (Urumeako bokalean) eta Oiasson (Oiartzun-Irun?). Aztarna ugari utzi zituzten erromatarrek Irunen (Junkalgo bizigunea, Ama Xantalengo tenplua eta nekropolia…), Oiartzunen (Arditurriko meatzeak) eta Hondarribian (Asturiagako ainguralekua), hau da, Gipuzkoako eskualde baskoian. Herri txikia bazen ere, Irungo hiria eta portua izan zen eremu hartako bizigune garrantzitsuena. Euskarak berak ematen du uste horren aldeko argibiderik. Irun izena, Nafarroako Iruñea, Irunberri, eta Arabako Iruña erromatarren garaiko hirien izenei lotzen zaie, eta gauza bera adierazten dute: «hiria». Bestalde, oso urriak dira gainerako eskualdeetan aurkitu diren hondakin erromatarrak. Gipuzkoako lurraldea, beraz, erromatartzetik kanpo geratu zen eta V. mendetik aurrera, Erromatar Inperioa desegin ondoren, guztiz ezabatu ziren Gipuzkoako ipar-ekialdeko aztarna erromatarrak. Horrez gainera, V. mende bukaeratik aurrera, baskoi («vascon») deitura ematen hasi zitzaien mendebaleko leinu euskaldun guztiei eta Gipuzkoako jendeak, gainerako euskaldunekin batera, parte hartu zuen godoen eta frankoen aurkako guduetan. Pasaiko XVI. mendeko harrizko idazki batek jasotakoaren arabera, Orreagako guduan parte hartu zuten gipuzkoarrek Karlomagnoren armadaren aurka, gainerako euskaldunekin batera (778). Ziurtatzerik ez dagoen arren, badirudi lehenengo urteetatik lotu zirela Gipuzkoako lurrak Iruñeko erresumari, eta lotura horiek estuagoak izan zirela normandiarren erasoak bukatu zirenetik (IX. mende bukaera). v Gipuzkoa, Nafarroako eta Gaztelako erreinuetako lurralde. 1025. urteko dokumentu batek aipatzen du lehenengoz Gipuzkoa deitura (Ipuscua, Huescako San Juan de la Peña-ko monasterioan aurkituriko dokumentu batean). Nafarroako erresumako lurralde zen Gipuzkoa XI. mendean. Antso Garzeitz IV.a hil ondoren, Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Burebako eta Errioxako lurraldeak bereganatu zituen, Bizkaiko jaunak lagunduta. Arabako eta Gipuzkoako parte handienaz jabetu zen Bizkaiko jauna, Gaztelako erregearen izenean. Gipuzkoako alde baskoiak, ordea, Iruñeko erresumari loturik jarraitu zuen. Aragoi eta Nafarroako Alfontso I.aren garaian lotu zitzaion berriro Gipuzkoa Iruñeko koroari (1112) eta Gartzea Ramirezek osatu zuen erresuma (1134-1150). XII. mendearen hasieran finkatu ziren gaskoiak Gipuzkoako kostaldeko portuetan, Donostian nagusiki; 1150-1164 urteetan eman zion hiri gutuna Antso Jakitunak Donostiari. Garai hartan, Baionako apezpikutegiaren barnean zeuden Gipuzkoako ipar-ekialdeko eliza guztiak (Urumea ibaiaren eskuinaldea) eta Iruñeko apezpikutegian gainerako eskualdeetako guztiak. Eginahal guztiengatik ere, ezin gorde izan zituen Antso Jakitunak Bizkaiko eta Arabako lurraldeak, eta Alfontso VIII.a Gaztelako erregea hasi zen Gipuzkoaz jabetu nahian. 1194. urtean Antso Azkarrak hartu zuen Antso Jakitunaren lekua, eta Nafarroako eta Gaztelako koroen arteko liskarrak areagotu ziren. 1199. urtean, Alfontso VIII.a Gaztelako erregea indarrez sartu zen Araban eta Gipuzkoan, berak zioenez Akitanian zeuzkan eskubideak zaintzeko aitzakiaz (Eleonor Akitaniako dukesarekin ezkonduta zegoen), Gipuzkoako itsasaldea bere egiteko asmoz, eta Nafarroako erresuma ahuldu nahian. Akitanian huts egin zuen Baionan sartuagatik, baina bere mendeko hartu zituen Gipuzkoako lurrak eta Gasteizko hiria. Testamentuan berariaz adierazi zuenez, agindua eman zuen Alfontso VIII.ak Nafarroari itzul zekizkion Gipuzkoako ipar-ekialdeko lurrak (Urumea ibaiaren eskuinaldetik Bidasoako ertzetara, lurralde jatorriz baskoiak), baina sekula ez zen horrelakorik bete, Nafarroako koroaren ahalegin guztiengatik ere. Bertako leinu noble batzuek lagunduta, bortxaz hartu zuen Gaztelako koroak Gipuzkoa.  v Gipuzkoa XIII-XIV. mendeetan. XIII. mendetik aurrera hasi ziren Gipuzkoko hiriak antolatzen, eta hogeita sei villa edo hiri berri sortu ziren XIV. mende bukaera bitartean, kostaldean eta barnealdean. Gipuzkoako antzinako haran egitura (Oiartzun, Hernani, Iraurgi, Markina, Itziar, Saiatz, Bozue, Erniobea, Zumabatzarrea…) hautsi zuen hiri berrien sorrerak. Bestalde, biziki areagotu zen Gaztelako koroaren eta Nafarroako erreinuaren alde zeuden leinuen arteko gatazka giroa (XV. mende bukaera arte iraun zuten ahaide nagusien, oñaztarren eta ganboarren, arteko guduak), liskar eta gudu ugari gertatu ziren nafarren eta gipuzkoarren arteko muga inguruan (Beotibarko gudua, 1321). 1368. urtean saiatu zen Karlos II.a Nafarroako erregea Gipuzkoako lurrak hartzen, bere aldeko gipuzkoarrek lagunduta, baina etsi behar izan zuen Henrike II.a Gaztelakoaren aurrean. Nolanahi ere, nafarren eta gipuzkoarren arteko harremanak ez ziren beti hain zailak izan, eta sarrera berezia egin zitzaion sarritan Nafarroako merkataritzari, Donostia, Pasaia eta Hondarribiko portuetatik. XIII. mendetik aurrera izugarri indartu ziren Gipuzkoako portuak. v Gipuzkoako Forua. XIV. mendean idatzi ziren lehenengoz Gipuzkoako erakunde bati, Hermandadeari, zegozkion artikuluak (Gipuzkoako Hermandadearen sorrera, Tolosako Batzar Nagusiak, 1375; Gipuzkoako Hermandadearen Ordenantzen lehen idazketa, Getariako Batzar Nagusiak, 1397). Nolanahi ere, askoz ere aurreagokoak ziren Gipuzkoako Forua osatzen zuten Lege Zaharrak. Batzar Nagusiak ziren Gipuzkoako erakunde legegile nagusiak; batzar horietan parte hartzen zuen Gaztelako erregearen ordezkariek edo korrejidoreek, XIII. mendearen hasieratik. Urtean bitan biltzen ziren Batzar Nagusiak ohiko batzarretan, aurrez erabakitako hirian hasieran eta hiri ordena baten arabera 1472tik aurrera. Premiazko erabaki bat hartu behar zenean biltzen ziren Batzar Bereziak, Usarraga eta Basarteko soroetan hasieran eta Bidaniako eta Azpeitiako Olazko elizetan 1461. urtetik aurrera. Batzar Nagusietako ordezkarien botoa hiri bakoitzeko su edo etxe kopuruen araberakoa zen, eta erregeak zin egin behar izaten zuen forua. Erregeak foruen aurkako neurriren bat hartzen bazuen, “foru pasea” delakoa erabil zezaketen Batzar Nagusiek, hau da, erregearen erabakiari men ez egiteko gaitasuna. 1550. urte aldera antolatu zen Diputazioa, Batzar Nagusietatik sorturiko erakunde eragilea, korrejidoreak, Batzar Nagusiak bilduriko herriko alkateak eta batzarretan aukeraturiko ahaldun batek osatua; 1748an sortu zen Diputatu Nagusi kargua. Arazo larriei premiazko irtenbide bat emateko biltzen zen Diputazio Berezia. v Gipuzkoa XV. eta XVI. mendeetan. XIV. mendean osatu zen Gipuzkoako hiri ordenamendu berriak aldakuntza handiak ekarri zituen Gipuzkoara. Gaztelako erregeek aginpidea bermatu zuten herrialde osoan, berak zuzenean sortutako (kostaldean) eta bultzatutako (barnealdean) hirien bitartez. Hala, gero eta indar gutxiago zuten antzinako leinuek Gipuzkoan, eta tirabira latzak izan ziren herrialde osoan ahaide nagusien artean (Arrasateko erreketa, 1448), eta haien eta Hermandadearen artean (1456-1457). Garrantzi handia hartu zuen egoera horretan Gipuzkoako Hermandadeak, Domenjon de Andia buru. Ahaide nagusien aurkako armada bat osatu zuen Hermandadeak eta guztiz menderatu zituen, oinaztarrak eta ganboarrak haren kontra batu baziren ere (1457). Hermandadearen garaipenak Gaztelako erregearen erabateko nagusigoa ekarri zuen berarekin; handik aurrera Gaztelako koroaren laguntzaile zintzoak izan ziren gipuzkoarrak Nafarroako erreinuaren aurkako borrokan. Nafarroako beamontarren eta agramondarren arteko guduak hasi zirenetik, lehenen alde jokatu zuten gipuzkoarrek eta ez zuten egiteko horretan amore eman Nafarroako erresuma Gaztelako koroaren mende geratu zen arte (1512-1521). Bestalde, guztiz indartu ziren Gipuzkoako portuak eta ontziolak XV. mendean; burgesia molde berri bat sortu zen kostaldean, arrantzari eta merkataritzari esker, eta berebiziko ospea hartu zuten Gipuzkoako marinelek eta itsas teknikariek. 1492. urtean Ameriketara iritsi zen Kolonen bidaldia. Goitik behera aldatu zuen aurkikunde horrek gipuzkoarren bizimodua. XVI. mendearen hasieran Gaztelako koroaren esku geratu zen Nafarroako erresuma eta guztiz nagusitu zen Gipuzkoan haren indarra, gipuzkoarrek bere foru eta eskubideei tinko eutsi zieten arren. XVI. mendetik aurrera Ameriketara zabaldu zen Gipuzkoako itsas merkatarien jarduera (balearen eta bakailaoaren arrantza Ternuan eta Labrador-en) eta, Frantziako estatuarekiko oztopoak handiak izanagatik, bere horretan iraun zuen, oro har, Ipar Atlantikoko merkatariekiko jardunak. Bestalde, gipuzkoar asko jarri zen Espainiako koroaren zerbitzuan, militar, itsasgizon, idazkari edota eskribau gisa. v Gipuzkoa XVII. eta XVIII. mendeetan. XVII. mendean behera egin zuen Gipuzkoako merkataritzak, nazioak indartzen hasi baitziren, eta Gipuzkoa baztertua geratu zen. Amerikari begira jarri zen Gipuzkoa, baina gero eta zailtasun handiagoak zituzten bertako arrantza ontziek, eta XVII. mende erdialdean hasi zen arrantza mota haren gainbehera. 1659. urtean izenpetu zen Pirinioetako Bakea, Frantziako eta Espainiako koroen artean, eta 1715. urtean izenpetu zen Utrecht-eko hitzarmena: Espainiako koroak uko egin zien Europan zituen lurrei, eta Ingalaterrakoak lortu zuen itsasoaren gaineko nagusigoa. Arrantza eta merkataritza biderik gabe geratu zen Gipuzkoa, eta horren ondorioz ekonomiak beherakada handia izan zuen. Horrez gainera, eraso bortitzak izan zituen Gipuzkoako foruak XVIII. mendearen hasieran, aduanak Bidasoa ibaira igaro zitezela agindu baitzuen Filipe V.a Espainiako errege borboiak 1717. urtean. Gipuzkoarren erantzuna ez zen berehalakoa izan, baina 1719an Berwick-eko dukeak gidaturiko armada frantsesa Gipuzkoan sartu zenean, herrialdeko erakundeen onarpena jaso zuen, baldin eta foruak osorik errespetatzen bazituen. Filipe V.ak atzera jo behar izan zuen eta lehengo berean segitu zuten aduanek (1722). 1728. urtean sortu zuten Gipuzkoako handikiek eta Donostiako merkatari aberatsek Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia izeneko erakundea, Gipuzkoako sektore batzuei urte batzuez oparotasun handia eman ziona; baina 1751. urtean Madrilen ezarri zuten konpainiaren egoitza nagusia, eta 1785ean desagertu zen, gorabehera handien ondoren. Ekonomia egoera hura larritu egin zen, eta herriaren haserrea areagotu. Prezioak neurri gabe igo ziren eta egoera horri aurre egiteko matxinatu ziren oletako langileak (matxinoak), nekazariak eta herri xehea burgesen eta handikien aurka (1766ko matxinada). Gipuzkoa osora zabaldu zen matxinoen eragina eta latza izan zen higikunde haren zapalkuntza. Zapaltzaileen buru Francisco Javier Munibe Peñafloridako kondea zen, XVIII. mendean Frantzia aldean zabaldu zen ideologia ilustratuaren oihartzunak Euskal Herrian jaso zituzten aitonen seme eta burges lehenetarikoa. 1789. urtean piztu zen Frantziako iraultzak ez zuen hasieran halako gaitzespenik jaso gipuzkoarren aldetik, bai ordea ondoko urteetako gehiegikeriek. 1794. urteko abuztuan sartu ziren Gipuzkoan Frantziako Konbentzioko tropak eta, errenditu ondoren, bake hitzarmen bat izenpetu nahi izan zuen Getarian Gipuzkoako Diputazioak frantsesekin, erlijio katolikoa, foruak eta jabetzak errespetatzekotan. Agintari frantsesek, ordea, preso hartu zituzten Konbentzioko legea onartzen ez zuten diputatuak eta frantsesen aurkako gerrara deitu zuten Getariako batzar haietan ordezkaturik ez zeuden Gipuzkoako herrietako ordezkariek. Basileako Bakeak (1795eko uztaila) gerra saihestu zuen eta XIX. mendean erabat nagusitu ziren bi politika joera, liberala eta karlista, hasi ziren nabarmentzen Gipuzkoako agintarien artean. v Gipuzkoa XIX. mendetik aurrera. 1808. urtean sartu ziren Napoleonen osteak Gipuzkoan eta, Gaspar Jauregui Artzaia deituriko gerrillariaren erasoez landa, frantsesek ez zuten inolako oztoporik aurkitu herrialdean. 1808. urteko ekainean idatzi zen Baionan Espainiako lehenengo konstituzioa eta bertan Euskal Herriko foruak kontuan har zitezela lortu zuten ordezkari euskaldunek. 1810. urtean osatu zuten Frantziako agintariek Bizkaiko Gobernua izeneko aginte barrutia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herialdeek osatua, eta 1812an liberal espainiarrek Cadizen erabaki zuten Espainiako konstituzio berri batean guztiz deuseztatu zituzten Euskal Herriko foruak. Bitartean, frantsesek balio gabe utzia zuten forua euskal herrialde guztietan. 1813ko abuztuaren 31n sartu ziren aliatuak Donostian; sekulako triskantzak eragin ondoren, egun horretan bertan zapaldu zituzten oste frantsesak Irungo San Martzialen. 1814. urtetik aurrera, liberalak eta erregezaleak nagusitu ziren Gipuzkoan. 1833. urtean hasi zen Lehen Karlistada; hiriak liberalen alde jarri ziren, eta karlisten alde herriak eta jauntxoak. Zumalakarregiren irudi handiak, ordea, karlisten bandora igaroarazi zituen soldado gehienak 1835. urtetik aurrera. 1839. urtean izenpetu zen Bergarako Hitzarmena eta bi urte geroago foruak erabat murriztu eta Ebrotik Bidasoara eraman zituen Espainiako erreginak aduanak. Une hartan hasi zen Gipuzkoako industria garatzen, astiro hasieran: 1841-1872 urteetan, papergintza eta ehungintza; 1872tik aurrera, burdingintza (armagintzari eta burdingintzari loturiko lantegi txikiak XIX. mende bukaera arte baizik ez ziren aldatzen hasi). 1860-1865. urteetan luzatu zen Gipuzkoan Espainiako Iparraldeko Burdinbidea (Otzaurte-Irun). Bestalde, 1860ko hamarkadan berriro gorpuztu zen karlismoa Gipuzkoan, Jaungoikoa eta Foruak lemapean, eta 1872. urtean hasi zen Bigarren Karlistada eta 1876. urtean erabat nagusitu ziren liberalak. 1876ko uztailean luzatu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak deuseztatzen zituen legea. 1891. urtean hasi ziren foruen aldeko ekitaldiak; bi hildako izan ziren Donostian, Gamazadaren garaian, Espainiako gobernuaren aurkako manifestaldi batean, 1893ko abuztua. XIX. mende bukaeran sortu ziren lehen talde nazionalistak Gipuzkoan, higikundea XX. mendearen hasiera arte gorpuztu ez bazen ere (1908an sortu zen Euzko Alderdi Jeltzaleko Gipuzko Buru Batzar buruzagi taldea). Garai berekoak dira lehen langile elkarteak (Donostiako elkarte sozialista, 1891) eta grebak (Arrasate, 1893; Eibar, 1897). Nolanahi ere, Primo de Riveraren diktadura bukatu arte (19232-1930) ez ziren Euzko Alderdi Jeltzalea eta Espainiako alderdi sozialista (PSOE) Gipuzkoan nabarmendu. 1931. urteko apirilaren 14an, Eibar izan zen Espainiako errepublika aldarrikatu zuen lehen hiria. 1936. urteko uztailean, Franco jeneralak gidaturiko matxinada militarrak setiaturik hartu zuen lehen egunetik Gipuzkoako herrialdea. Francoren alde jarri ziren Donostiako kuarteleko militarrak, baina errepublikaren aldeko indarrek menderatu zituzten. Karlistek eta militarrek Irun-Oiartzunen eta Goierri aldean gogortu zuten erasoa, eta iraila arte eutsi zioten errepublikaren aldeko indarrek (1936ko irailaren 5a, Irungo galera). Azaroan geratu zen Gipuzkoa osoa militarren esku. Francoren garaian (1936-1976), diktaduraren aurkako herrialde kartsuenetakoa izan zen Gipuzkoa, eta mugimendu abertzale guztiz indartsua gorpuztu zen urte haietan. 1979ko erreferendumaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako bat da Gipuzkoa. 2007. urtean Mirkel Olano hautatu zen Gipuzkoako Ahaldun Nagusi.