Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gipuzkera

iz. Euskal dialektoa, Gipuzkoako erdialdean eta Nafarroako Sakanan erabiltzen dena. v Gipuzkoako erdialdean eta Nafarroako mendebaleko herri batzuetan (Burunda-Arañatz; Altsasutik Etxarri-Aranatzera) hitz egiten da gipuzkeraz (250.000 lagun inguru). Gipuzkoako bi eremutan ez da gipuzkeraz hitz egiten: Deba ibaiaren arroan (Gipuzkoako mendebalean, Leintz-Gatzagatik Elgoibarreraino) bizkaiera da bertako euskara, eta Oiartzun eta Bidasoa ibaien arroetan (Gipuzkoako ipar-ekialdean) goi-nafarrera. Nolanahi ere, egun ez da halako mugarik Gipuzkoako lurretan gipuzkeraren eta goi-nafarreraren artean. Bestalde, euskara batuari dagozkion formak nagusitzen ari dira pixkana-pixkana Gipuzkoako euskal hiztun gazteen artean. Lau hizkera mota nagusi bereiz daitezke egungo gipuzkeran: Beterriko hizkera, Tolosaldetik Donostia-Beterriraino mintzatzen dena; Goierriko hizkera; Urola Kostako hizkera, Gipuzkoako erdialdean eta kostaldean Zarauztik Mutrikuraino hitz egiten dena, eta Nafarroako gipuzkera (Burunda, Etxarri-Aranatz). Gipuzkera euskararen dialekto nagusietako bat da, eta literatura hizkuntza izan da XVIII. mendetik aurrera. Antzekotasun nabarmenak ditu goi-nafarreraren eta lapurteraren aldera, bizkaierarekin lotzen duten mendebaldeko euskararen ezaugarri batzuk gorde dituen arren. Jose Otxoa Arin apaizak eman zuen argitara 1713an, gipuzkeraz, Goierriko euskaraz, eginiko lehen liburua (Doctrina Christianaren explicacioa, Donostia). Aita Larramendi jesuitak (Andoain, 1690 - Loiola, 1766) bultzatu zuen XVIII. mendean euskararen erabilera landua, apaizen artean nagusiki, eta, gipuzkeraz idatzirik, Kardaberaz hernaniarrak eta Ubillos amasarrak jarraitu zioten haren esanari. Erlijio giroko obrek osatu zuten XIX. mendearen hasieran gipuzkerazko literatura (Juan Bautista Agirre asteasuarraren Eracusaldiak, 1803; Jose Ignacio Guerrico segurarraren Sayaquera, 1805) eta Juan Ignacio Iztueta zaldibiarrak eman zituen geroago gipuzkeraz idatziko lehen liburu laikoak (Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira, 1824; Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia, 1847). 1855. urtean idatzi zuen Ignacio Lardizabal apaizak, zaldibiarra hura ere, Testamentu zarreco eta berrico condaira, Gipuzkoan luzaroan gehien irakurri den liburua. Gipuzkeraren erabilera guztiz zabaldu zen literatura mailan azken karlistadaren ondoren. XX. mendearen hasieran euskararen batasunaren aldeko proposamenak zabaltzen hasi zirenean, gipuzkera hartu zuen ardatz gisa R.M. Azkuek hizkuntza batuaren aldeko hautuak aurkeztu zituztenean, eta gipuzkera osotua deitu zion hizkuntza molde berriari. Oro har, gipuzkera eta gipuzkoarrek hitz egiten duten euskara batua dira gaur egun euskal prentsan eta literaturan zabalduen diren euskara moldeak.