giltzurrun
iz. Sabelaldearen atzeko alderdian dauden eta gernua isurtzen duten babarrun itxurako bi organoetako bakoitza. ik. errain 2. v Anat. Animalia ornodunetan eta ornogabeetan, gorputzaren uraren orekari eusten dion organoa da eta metabolismoaren hondakinak kanporatzen dituena. Enbrioien giltzurrunak eta behe mailako animalienak Wolff-en hodietaraino iristen diren bi hodi sail dira. Goi mailako abereen giltzurrunak (metanephros), narrasti helduenak, txorienak eta ugaztunenak, bi organoz osatuak daude, eta odoleko gernua iragaztea dute eginkizuna, ura eta elikadura gaiak xurgatzea, hondakinak isurtzea, eta azkenik gernua kanporatzea. Gizonaren giltzurrunek 10 cm neurtzen dute, eta diafragmaren azpian eta peritoneoaren atzean daude.
Ugaztunen giltzurrunak bi zati ditu: kanpoko azala, konkorduna, glomeruluez eta odol hodi bihurrituez osatua, eta barruko zati leuna, hodi biltzaileak eta giltzurruneko piramideak dituena (10 edo 15). Giltzurrunen azala glomerulu izena duten gorputz txikiz dago osatua, eta glomerulu azalenekoetan eratzen da gernua. Piramide izena duten organo txikiak zulo ugari dituzte, eta bertan iragazten da hodi biltzaileek daramaten gernua. Piramide horien oinarria kanpoko azala da. Nefroia da giltzurrunaren osagai nagusia, eta odol hodiek edo glomeruluek osatzen dute. Nefroiek odolaren ura iragazten dute 45 minutuz behin (egunean 40 litro, horietatik laurden bat eta erdi kanporatzen da, gainerakoa nefroiek irensten dute. Nefroi ugari ditu giltzurrunak (gizonarenak milioi bat, saguarenak 20.000). v Giltzurrunaren ezintasuna. Med. Giltzurrunak bere zeregina betetzeko gaitasuna osorik edo zerbait galtzea. Horren ondorioz, gernuaren jarioa gutxitzen da, odolean nitrogeno gaiak, potasioa, sulfatoak eta fosfatoak neurriz goitik izaten dira, eta oso urriak dira, aldiz, sodioa, kaltzioa eta karbono dioxidoa. Giltzurrun hondatuek renina kanporatzen dute eta odol hodiak ixtea eragiten dute. Giltzurrunaren hondatzea odolaren presio handiak eragina denean, renina horrek hodiak estuarazten ditu aldi berean, eta odolaren presioa areago jaso, eta presio handi horrek berak kalte handiagoak eragiten dizkio giltzurrunari. Hauek dira giltzurrunaren hodiak hondatzeko arrazoiak: drogen eta disolbatzaile organikoen (azetona, etilen glikola…) eragina, metalezko osagaien eragina (merkurioa, uranioa…), zauriak, odol galtzeak, odol presio handia, erredura larriak eta behar ez den odola sartzea. Era berean, giltzurrun azala honda dezaketen eritasunetatik etor daiteke ezintasuna, bakterioek sortutako infekzio larrietatik, edo barruko aldean kalte egin dezaketen eritasunetatik, diabetesetik, adibidez. Giltzurrunetako ezintasunaren ondorioz bihotza honda daiteke, biriketako edemak eratu eta potasio gehiegizkoa sortu gorputzean. Giltzurrunaren parterik handiena hondatu denean, beste zatiak lan handiagoa egiten du, eta giltzurrun bat kentzen denean, bestea handiagoa egiten da. Bi giltzurrunak gaizki badaude dialisia (giltzurrunaren lana egiten duen tresna) behar izaten du gaixoak. v Giltzurruneko harriak. Mineralez eta gai organikoez osaturik giltzurrunetan sortzen diren harriak. Harriak handiak direnean ez diote giltzurrunari bere eginkizuna betetzen uzten. Gernuak gatz ugari ditu bertan urturik, eta gatza neurriz goragokoa denean jalki eta gai solido bilakatzen denez gero, harriak osatzen dira. Harri horiek urtu eta xehetzea da sendabidea; hori lortu ezin denean ebakuntza bidez kentzen dira, eta gaur egun laser izpien bidez ere desegin daitezke. v Giltzurrun aldatzea. Giltzurrun hondatu baten lekuan bizirik dagoen norbaiten edo hil berria den baten giltzurrun osasuntsu bat ezartzea. Giltzurrun aldatzeak 1950. ondoko urteetan hasi ziren arren, 1963. urtean gorputzak organo berria ez gaitzesteko gaia (azatioprina) aurkitu arte ez zuten guztiz ondorio onik izan. Bizirik dagoen sendiko baten giltzurruna izaten da gaixoak errazen onartzen duena, hildakoena baino errazago.