Gilman, Alfred Goodman
Estatubatuar sendagile eta ikertzailea (New Haven, Connecticut, 1941). Bere aita, Alfred Gilman, farmakologo handia izan zen: New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Fisikari eta Kirurgialarien Eskolako eta Medikuntzako Albert Einstein Unibertsitateko zuzendaria izan zen, eta beste zenbait lanen artean, farmakologiako testu liburu bat idatzi zuen: The Pharmacological Basis of Therapeutics (1941, Terapeutikaren oinarri farmakologikoak). Hain zuzen ere aitaren laborategian zaletu zen Gilman zientziarekin, hango esperimentuak aztertzen, eta oso gazterik erabaki zuen zientzietako karrera egitea, aitaren eraginez. 1962. urtean eskuratu zuen biokimikako titulua Yaleko Unibertsitatean eta farmakologiako doktoregoa lortu zuen 1969an Case Western Reserve Unibertsitatean. 1962an bertan New Yorkeko laborategi batean hasi zen lanean eta orduan eman zituen argitara lehenengo artikuluak. 1971n Virginiako Unibertsitatean hasi zen farmakologiako eskolak ematen eta 1977an farmakologiako katedra eskuratu zuen. 1981ean Dallasera aldatu zen, eta gaur egun Texasko Unibertsitateko irakaslea eta Dallasko Medikuntza Zentroko burua da. Gilmanek zelula biziak elkarrekin nola komunikatzen diren eta zelulek kanpoko eraginei nola erantzuten dieten aztertu zuen. Horrela jabetu zen zentzuek eta hormonek zeluletara igortzen dituzten mezuetan eragin handia duela G proteina deituriko gaiak, eta aurkikuntza horri esker zenbait eritasunen jatorriari buruzko ikerketetan garrantzi handiko aurerapenak egin ahal izan ziren, adibidez koleraren eta diabetesaren zabalkundeari buruzkoak. G proteina anormalek minbizia, kolera, diabetesa eta beste zenbait eritasun sor ditzaketela aurkitu zuen. 1994an Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen, G proteinak existitzen zirela iragarri zuen Martin Rodbell zientzialariarekin batera. Bere aitaren obraren bost berrargitalpen egin ditu, 1975, 1980, 1985, eta 1990ean Goodman and Gilman's the Pharmacological Basis of Therapeutics (Goodman eta Gilmanen Terapeutikaren Oinarri Farmakologikoak) izenburupean.
- Gilen Saint-Thierrykoa
- Gilen
- Gilen
- Gilen
- Gilgames
- Gilman, Alfred Goodman
- Gilmer, Gloria
- gilori
- giltza
- giltzadura
- giltzain