Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

giltzadura

iz. Bi atal birakorren lotura. || Anat. Hezur bi edo gehiago lotzen dituzten atal bigunen eta gogorren multzoa. Giltzadura mota asko dago eta giltzaduraren mugikortasuna nolakoa den kontuan hartuta era honetara sailkatzen dira: giltzadura finkoak edo sinartrosia (buruko hezurren artekoa), giltzadura erdimugikorrak edo anfiartosia (pubiseko hezurrak adibidez) eta giltzadura mugikorrak edo diartrosia; lehendabiziko biei sasigiltzadura ere baderitze. Diartrosisa delakoak, egiazko giltzadura ere deitua, bi hezur edo bi baino gehiago lotzen ditu eta giltzadura mota hori osatzen duten hezur buruen mugikortasuna handiagoa da beste giltzadura motetan baino. Hezur horien gainazala kartilagoz estalia izaten da kutxatila konjuntibo baten barruan; egitura horrek, gainera, barne ligamentuak eta giltzadura arteko kartilagoak izan ditzake. Bestalde, sinobia isurkariak giltzadura labaingarri egiten du, giltzadurako hezurrak behar bezala labain daitezen, eta urradurarik edo marruskadurarik gerta ez dadin. Diartrosi giltzadurako hezurrak elkarren artean nola giltzatzen diren eta mugikortasunaren ezaugarriak kontuan hartuta honela sailka daitezke: 1) Giltzaduraren alde bateko hezur burua biribila izaten da eta barrunbe gisakoa bestea; era guztietako mugimenduak egin ditzake, beso-sorbalda eta zango-aldaka hezurretako giltzadura adibidez. 2) Giltzaduraren alde bateko hezur burua beste hezur baten zuloan ahokatzen da; ez du errotazio mugimendurik egiterik, matrail hezurreko giltzadura adibidez. 3) Giltzaduraren aldeetako bat ganbila da eta ahurra bestea, trapezioaren eta eskuko metakarpioaren lehendabiziko hezurrekoa adibidez. 4) Giltzaduraren alde bateko hezur burua beste aldeko hezurrean jiratzen da; gorputz adarra biltzen edo luzatzen uzten du, ukondoko eta belauneko giltzadurak adibidez. 5) Errotazio mugimendua baizik egiten uzten ez duen giltzadura, eskumuturrekoa. 6) Giltzaduraren alde biak zapalak dituena eta lerratze mugimendua egiten baizik uzten ez duena, karpio arteko giltzadura. Giltzaduretan izaten diren okerrerak, era batekoak edo bestekoak izan, artrosisa edo artritisa eragin dezakete. v Bot. Zenbait landareren zurtoinean izaten den korapilo gisako lotunea.