Gilen
Ingalaterrako zenbait erregeren izena. v Gilen I.a (Konkistatzailea deitua). Ingalaterrako erregea, 1066-1087 bitarteko urteetan, eta Normandiako dukea, 1035-1087 bitarteko urteetan (Falaise, 1027 edo 1208 - Erruan, 1087). Normandiako Roberto I.a dukearen sasiko semea zen. Hark bere oinordeko izendatu zuen, baina 1047 arte ezin ezarri ahal izan zuen agintea Normandian. Frantziako Henrike I.a garaitu zuen (1054). Ingalaterrako Eduardo Aitorlearen lehengusu zen, eta hark bere oinordeko izendatu zuen (1051), baina Harold II.a Hastings-en garaitu ondoren (1066) hartu zuen erregetza. Erregetza gogorra ezarri zuen, feudalismoa finkatuz eta administrazio eraginkorra antolatuz, betiere Eliza laguntzaile zuela. Ingalaterran eta Normandian gertatu ziren matxinadei aurre egin behar izan zien. v Gilen II.a. 1087-1100 bitarteko urteetan izan zen errege (1056 inguruan - New Forest, Southampton, 1100). Gilen Konkistatzailearen semea zen. Normandia hartu zuen Roberto II.a gurutzadetara joan zenean, eta Eskoziako erregetza ere bereganatu zuen (1907). Istripu batean hil zen (edo hil zuten), eta anaia, Henrike I.a, izan zuen ondorengo. v Gilen III.a (Orange Nassaukoa). Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako erregea 1689-1702 urteetan eta Holandako gobernaria 1674-1702 bitarteko urteetan (Haga, 1650 - Londres, 1702). Gilen II.aren hilondoko semea zen. Jan de Witt-ek hazi zuen. Luis XIV.a Frantziakoak 1672an Holanda inbaditu zuenean, herri matxinada batek bertako gobernari izatera eraman zuen uholdeak gertatu izanak eta hitzarmen egokiak (Nimegako bakea, 1678) egin izanak salbatu zuen aberria, eta handik aurrera protestantismoaren buruzagitza hartu zuen, Frantziako katolizismoaren aurka. Amaren aldetik Karlos I.aren biloba eta Jakobo II.aren suhia izaki, iraultza ingelesa gertatu zenean Maria II.arekin batera koroa hartzera deitu zioten. Erregimen konstituzionala onartu zuen (Eskubideen Aitorpena, 1689), eta atzerriko politikaz arduratu zen: Palatinatuko Banakuntzarako Gerran sartu zen Frantziaren kontra. Steinkerque (1692) eta Neerwinden-en (1693) garaitua, Hougue-n (1692) garaile, Ryswick-eko bakean (1697) Luis XIV.ak erregetzat onartu zuen. Espainiako Erregetzarako Gerra prestatzen ari zela hil zen. v Gilen IV.a. Britainia Handiko eta Irlandako erregea, Hannoverko erregea 1830-1837 bitarteko urteetan (Londres, 1765 - Windsor, 1837). George IV.a anaiaren ondorengoa zen, eta ministroen esku utzi zuen gobernua. Hura hiltzean, Britainia Handia Viktoriari eta Hannover Ernest-August bere anaiari utzi zizkien.