General Motors
Estatubatuar automobil industria, munduko handiena. Automobilez gainera, elektronikan, aeronautikan, telekomunikazioetan, defentsan eta beste alor batzuetan ere aritzen da. 1908an sortu zuen Willian C. Durantek. Lau urte lehenago Buick enpresa hartu zuen, eta hura izan zen General Motors-en lehen marka. Gero Oldsmobile etxearekin elkartu zen, eta beste talde batzuk ere sartu ziren enpresan, Champion bujia fabrikatzailea adibidez. 1909an Durantek Cadillac marka erosi zuen, eta Ford ere bereganatzen saiatu zen arren, ez zuen lortu. Krisialdi baten ondorioz, 1910eko hamarraldian banku partzuego batek enpresa kendu zion Duranti, baina urte batzuren buruan berriro itzuli zion. Arrakasta ez zitzaion Lehen Mundu Gerrara arte iritsi, eta 1920ko hamarraldian, krisialdia zela-eta, Dupont de Nemours enpresen elkateak eskuratu zuen. Garai hartan hasi zen diesel tren-makinak eta Frigidaire markako hozkailuak egiten. Talde honen lehen auto arrakastatsua 1915eko Cadillac V8 izan zen. 1928an, Ford atzean utzi, eta Estatu Batuetako automobil industriarik handiena bihurtu zen. Garai hartan indartu zen bere multinazional izaera: 1925ean Britainia Handiko Vauxhall bereganatu zuen, eta geroago, Opel alemaniarra. Haien ondoren Chevrolet, Pontiac eta Oldsmobileren jabe ere egin zen. Azken marka horretako auto batean ezarri zuten 1939an historiako lehen aldagailu automatikoa, eta 1941ean Cadillac motako autoetan ere jarri zuten. Marka hau da taldearen barruan ospekotzat geratu den izena. 1953an Chevrolet Corvette autoa sortu zuten, gerra ondoren fabrikatutako bi eserlekuko lehen kirol autoa. Hura izan zen materialtzat zuntza erabili zuen lehen ibilgailua. 1980ko hamarraldiaren hasieran eraiki zuten Espainian Opel eskumenekoaren lantegia, Corsa modeloa fabrikatzeko. 1985ean, japoniarren modeloekin lehiatu ahal izateko, beste marka bat sortu zuten: Saturn. Harrezkero taldeak ez dio utzi marka gehiago bereganatzeari: Holden Australia edo Saab suediarra esate baterako. 1992 eta 1995 bitartean, berregituratze baten ondorioz, 21 lantegi eta 75.000 lanpostu galdu zituen. Hala ere, irabaziei dagokienez, munduko 5. enpresa izan zen 1994an: 155 mila milioi dolar irabazi zuen, eta 692.000 langile zituen.