gene
iz. Biol. Herentziazko informazioa daraman kromosomaren osagaia. v Geneek ordena jakina dute beti kromosometan. Azido desoxirribonukleikoz (DNA) osatutako kromosomen molekulak edo molekula zatiak dira geneak, zenbait birusetakoak izan ezik, horiek azido erribonukleikoz osatuak baitira (RNA). Geneen azidoen banaketak entzimen eta proteinen sorrera eragiten dute, eta haien eraginez zehazten da organismoaren herentziazko ezaugarriak zein izango diren. DNA molekula bakoitza nukleotidoen bi kateez osatua dago, elkarren artean eskailera kiribildu baten antzera lotuak daudenak. Eskaileraren alboak azukrez eta fosfatoz daude osatuak, eta mailak nitrogeno baseen pare kateatuez. Baseak adenina (A), guanina (G), zitosina (C) eta timina (T) dira. Katea bateko (A) bat, beste kateako (T) batekin elkartuz gero, (T-A) eskailera maila osatzen du; era berean katea bateko (C) bat, beste bateko (G) batekin lotzen denean, (C-G) taldea sortzen du. Baseen arteko loturak hausten badira, bi kateak askatu, eta zelula barruko nukleotido askeak katea banatu berriko baseekin elkartzen dira. Nukleotido askeak errenkan jartzen dira, eta katea osatzen dute baseen lotura arauen arabera (A T-rekin lotzen da, eta C G-rekin). Modu horretan sortzen dira jatorrizko molekula bakar batetik bi DNA molekula berdin, eta igarotzen dira ezaugarri genetikoak belaunaldi batetik bestera. DNA katea batean jarraian dauden baseek eratzen dute kode genetikoa. Gene jakin bat behar denean, gene hori duen DNA molekula hautsi egiten da genea aske gera dadin. v Geneen funtzioak. Geneen jardunak proteinen sintesia bideratzen du, baina gorputzaren beharrak erabakitzen du sintesi hori noiz egin. Genea alde batetik funtzio genetikoa duen egitura da, bestetik konbinaketa berriak egiteko unitatea, eta azkenik mutazio edo aldaketak eragiten dituena. Esperimentuetan ikusi da geneak polipeptido kateen osaketaren ardura duela. Gertaera horri “gene batekopolipeptido bana” hipotesia esaten zaio. Beste esperimentuetan ikusi da zelula barruko gene askok eraginik ez dutela denbora luzean, baina bat-batean piztu egiten direla. Pizteko era hori bakterioetan aztertu da batez ere, eta eginkizun horretan zerikusia duten hiru gene mota aurkitu dira: egiturazkoa (proteinak eratzen dituena), eragilea (proteinen sintesia eragiten duena), eta arautzailea (proteina molekula baten bitartez proteina eragilea arautzen duena). Geneen funtzio arautzailea organismo handiagoetan ez dago bakterioan bezain ongi aztertua. Bestalde, geneen mutazioak gene baten baseen zenbakia edo ordena aldatzen denean gertatzen dira.