Geesink, Anton
Holandar judoka (Utrecht, 1934). Munduko onena bere garaian. Tokioko Olinpiar Jokoetako (1964) protagonista nagusietako bat izan zen, txapeldun atera baitzen, pisu mugarik gabeko mailan, Japoniako kirol nazionala Olinpiar Jokoetan jokatzen zen lehen aldian. Geesink eraikuntzan aritzen zen lanean. Boxeolari gisa hasi zen kiroletan, eta 1960ko Erromako Olinpiar Jokoetarako deitu zuten, baina bere federazioak deskalifikatu egin zuen, ustezko profesionalismoagatik. Geesink, federazioak hartutako erabakiagatik minduta, Japoniara joan zen bizitzera, eta entrenamendu teknika tradizionalak ikasi zituen. 1961ean, goi mailako judoko munduko txapelketa bat irabazten zuen lehen ez japoniarra izan zen. 1964an, Tokioko Olinpiar Jokoetan, final aurrekoetan, hamabi segundotan menderatu zuen aurkaria, eta finalean ere, bederatzi minutuko borrokaldi latz baten ondoren, bertako idoloa, Akio Kaminaga, mendean hartzea lortu zuen. Japoniarentzat, Bigarren Mundu Gerra galtzea adinako hondamena izan zen hura, eta jende askok bere buruaz beste egin zuen horregatik. Ez dago berak adina Europako txapelketa irabazi duen judokarik: open mailan 1953, 1954, 1957, 1958, 1959, 1960, 1962, 1963, 1964 eta 1967. urteetan irabazi zuen; 93 kilotik gorakoen mailan, berriz, 1962, 1963 eta 1964. urteetan. 1967an erretiratu zen.