gaztelania
iz. Sin. espainiera. Gaztelako hizkuntza, Espainiako hizkuntza ofiziala. v Hizkuntza eta historia. Iberiar Penintsulan egon ziren erromatar kolonoek (K.a. 218) hitz egiten eta hedarazi zuten latin arruntetik sortu zen gaztelania. Kolonoak Italiako hegoaldekoak izateak eta Iberiar Penintsula Erromatik urrun egoteak ezaugarri berezi batzuk eman zizkion Hispaniako latinari. Erromatarrak heldu aurreko hizkuntzetatik euskarak baino ez zuen bizirik iraun, eta penintsulan hitz egiten ziren iberiko eta zelta hizkuntzen aztarnarik ia ez zen geratu. Erromatar Inperioa desegiteak (V. mendea) hizkuntza zatiketa izan zuen ondorio; herriak elkarrengandik urrun zeudenez, tokian tokiko hizkerak sortu ziren (erromantzeak) penintsularen iparraldeko erreinu kristau independenteetan: galego-portugesa, leonera, gaztelania, aragoiera eta katalana; hala ere, Europako kultura hizkuntza izaten jarraitu zuen latinak. Gaztelania gaur egun Burgos den probintziaren iparraldean sortu zen. Beste ezaugarri askoren artean, gaztelaniak, latinezko hasierako f-a h hasperenduna zuen (filium > hijo [seme]), eta /s/ fonema apiko- albeolarea. Horrek, orduko gaztelaniak euskara zuela oinarrian frogatzen du; izan ere, gaztelania sortu zen eremua euskalduna zen garai hartan. Bisigodoak V. mendean sartu zirenean hainbat germanismo zabaldu zuten, baino germanikoak baino handiagoa izan zen arabieraren eragina (VIII. mendea), hiztegiaren alor batzuetan, batez ere. Gaztelaren nagusitasun politikoa handitu zen heinean handitu zen gaztelaniarena ere. Berant Erdi Aroan finkatuz joan ziren gaztelaniaren ezaugarri funtsezkoak. X. mendean lehenbiziko dokumentuak agertu ziren (Donemiliaga Kukullako glosak), eta XII. mendean idatzi ziren lehen literatura obrak (Cantar de mío Cid). Hizkuntzaren sendogarri izan ziren, halaber, Alfontso X.a Jakitunak, Toledoko itzultzaile eskolan eginarazi zituen itzulpenak. Gaztelania modernoaren arauak XVIII. mendean finkatu ziren; 1713an Real Academia Española sortu zen; 1741. urtean, erakunde horrek ortogarfia arauak argitaratu zituen, funtsean gaur egun arte indarrean iraun dutenak. v Gaztelaniazko literatura. XI. eta XII. mendeko “jarcha” direlakoak, muwashaha edo amodiozko kanten azken ahapaldiak, hartu ohi dira Iberiar Penintsulako lirikaren lekuko zaharrentzat. Hala ere, Europako Erdi Aroko literatura egitandien-kantekin eta poema epikoekin hasten da; Espainian, oso osorik gordetzen den mota horretako obra bakar bat dago, anonimoa: Cantar de mío Cid (XII. m.). Berant Erdi Aroan, batetik, gai erlijiozkoak, didaktikoak edo historikoak jorratu zituzten elizgizonen poesia landua sortu zen (Gonzalo de Berceo errioxar poetaren Milagros de Nuestra Señora); bestetik, Alfontso X.a Jakitunak, Toledoko itzultzaile eskolan obra asko itzuli edo moldarazi zituen, gaztelaniaren sendogarri izan zirenak. XIV. mendean, Juan Ruiz, Hita-ko artzipresteak Erdi Aroko obrarik bereziena idatzi zuen, Libro del buen amor (1330-1343), gertaera satiriko, erotiko, amodiozko eta moralizatzaile ugari kontatzen dituena. Hitz lauzko idazleen artean, Joan Emanuel infantea nabarmendu zen (Libro de los enxiemplos del conde Lucanor). XV. mendean, Erdi Aroaz gero asko erabili den poesia mota bat sortu zen, erromantzea; mende horretan, halaber, nabaria da Italiako literaturaren eragina. Idazle batzuk, hizkuntza zein literatura generoak eraberritzen saiatu ziren, baina Erdi Aroko gai eta molde berak landu ziren. Ondorengo urteetako poesian eragin handia izan zuen Jorge Manrique-ren Coplas a la muerte del maestro don Rodrigo (1476 inguru) liburua da garai hartako obra nagusietako bat. Baina XV. mendeko obrarik behinena, Fernando de Rojas-en Comedia de Calixto y Melibea edo La Celestina (1499) da, Errenazimentuaren izpiritu berriaren eta Erdi Aroko ezaugarrien sintesia egiten duena.
Lirikari dagokionez, Garcilaso de la Vega soldadu eta poetak Italiako bertso motak, sonetoak bereziki, finkatu zituen Espainiako poesian. Mende horretako poeta nagusiak Frai Luis Leongoa, eta Teresa Jesus-ena (edo Avilakoa) eta Joan Gurutzekoa mistikoak dira. Antzerkiari dagokionez, 1570. urtean saio satiriko herrikoiak jokatzen hasi ziren, eta Lope de Ruedak izaera komikoko antzezlan laburrak egin zituen, “entremeses” deituak. XVI. mendearen lehen erdialdean Zaldunen Liburuak ziren nagusi (Amadís); mende erdialdetik aurrera sortu ziren joera berrietan nagusia Tormesko itsumutila (1554) obra anonimoarekin hasitako “pikaroen” generoa izan zen: protagonista, genero horretako eleberri guztietan bezala, gizarte maila apaleneko “antiheroi” burutsu argia da, oztopo eta gabezia guztiak gaindituz, bizirik irauten duena; obra horretan, bestalde, eleberri modernoaren zantzuak antzeman daitezke.
XVII. mendean, estilo barrokoaren gorakadarekin batera, literatura aro guztiz bikaina eta ugaria izan zen Espainian, Urrezko Mendea deitua. Espainiako literatura barrokoan bi joera izan ziren: Francisco de Quevedo-rena bata (La vida del Buscón, llamado don Pablos), egitura bihurrikoa, bihurri bezain adierazkorra, eta batzuetan hizkera arrunta eta lotsagabea ere badarabilena, eta Luis de Góngora-rena bestea (Soledades), oso landua, literaturazale gutxi batzuen gozamenerako egina, eta metafora zail, neologismo eta hiperbolez betea. Prosazko literaturari dagokionez, gaztelaniaren eredutzat eta eleberrigintza modernoaren ezaugarriak sortu zituen egiletzat hartu dira ahobatez Miguel de Cervantes eta bere Mantxako Kixotea; barrokoaren ezaugarri batek gidatzen du liburuaren nondik norakoa: errealismoa eta idealismoaren arteko aurkakotasuna. Antzerkiari dagokionez, espainiar komediaren sortzailea den Lope de Vega-k finkatu zuen ereduari jarraitu zitzaion XVI. mendean (Fuenteovejuna). Urrezko mendeko beste antzerkigile onena Pedro Calderón de la Barca da, Loperen komediaren jarraitzaile hasieran eta pixkana bere estiloa ondu zuena (El alcalde de Zalamea).
XVIII. mendean nagusitu zen frantses jatorriko joera neoklasikoak helburu didaktiko eta moralizatzailea zuen; arrakasta handia izan zuten T. Iriarte eta F. M. Samaniego-ren alegiek eta, antzerkian, Leandro F. de Moratín-en komediek (El sí de las niñas, 1806). Erromantizismoa berandu samar heldu zen Espainiara; joera horretako poeta nagusia José de Espronceda izan zen (Poesías líricas, 1840). Bestalde, intimismoa eta melankolia izan ziren Rosalía de Castro galegoaren eta Gustavo Adolfo Bécquer sevillarraren (Rimas y leyendas) obren ezaugarri nagusiak. Prosazko literaturan eleberri historikoa eta ohiturazkoa nagusitu ziren; ildo horretatik, Mariano José de Larra-k garai hartako gizartearen kritika egin zuen. Antzerki erromantikoak jarraitzaile asko izan zituen Espainian; ospe handia irabazi zuten José Zorrilla-ren (Don Juan Tenorio, 1844) eta, Angel Saavedra, Rivas-ko dukearen obrek. v XIX. mendearen erdialdera, errealismoarekin, eleberrigintzaren maila jaso egin zen. Joera berri hori Pedro Antonio de Alarcón-en El sombrero de tres picos (1874) obrarekin hasi zen. Erromantizismoaren jarraitzaileak dira, halaber, nork bere herrialdeko giroa islatuz, Emilia Pardo Bazán galegoa, Juan Valera andaluziarra eta, batez ere, Leopoldo Alas “Clarín” (La Regenta, 1884) eta Benito Pérez Galdós. XX. mendean literatura joerak ugaritu ziren. Modernismoak poesiaren berrikuntza ekarri zuen, M. Machadoren eskutik Espainian. “98ko belaunaldia” deitu zen taldeko idazleek, berriz, Espainiako arazoekiko ardura handia erakutsi zuten: M. Unamuno, “Azorín”, P. Baroja, taldeko eleberrigile nagusia, Valle-Inclán, “esperpento” izenarekin ezagutu zen literatura ereduaren sortzailea, Maeztu, eta A. Machado, Gaztelako eremuen deskribatzaile bikaina. Belaunaldi horren garaikidea zen Juan Ramón Jiménez (Nobel saria, 1956) poetak, modernismotik aldenduta, poesia labur, trinko, eta batere apaingarririk gabea landu zuen. Bestalde, poeta klasikoen (Góngora) miresle izateak eta abangoardia higikunde batzuen ezaugarri estetikoetan bat etortzeak “27ko belaunaldia” izenarekin ezagutu zen taldera bildu zituen hainbat poeta: F. G. Lorca, R. Alberti, V. Aleixandre (Nobel saria, 1977), J. Guillén, F. Salinas, L. Cernuda, G. Diego, D. Alonso. Miguel Hernández poetaren obrak “27ko belaunaldiaren” eta Espainiako Gerra Zibilaren (1936-39) osteko lirikaren arteko trantsizioa markatu zuen. Gerra ostean, hainbat idazle erbesteraturik zegoela, C. J. Cela-ren La familia de Pascual Duarte (1942), C. Laforet-en Nada (1934) eleberriek, eta D. Alonso-ren Hijos de la ira (1944) poema liburuak garaiko ikuspegi ofizialaren baikortasunari kontrajartzen zitzaion ikuspegi ezkorra azaldu zuten aipatutako obretan. Poesian, 50eko hamarkadan, “errealismo soziala” izenarekin ezagutu zen joerak gizarteak bizi zituen arazoak islatu zituen: B. Otero eta G. Celaya izan ziren estilo haren aitzindari. Cela-ren La colmena (1951) eta M. Delibes-en obrek eleberrigintza errealista iragarri zuten, R. S. Ferlosio-ren El Jarama (1956) liburuan gauzatu zena. 1960. urtetik aurrera joera errealista hura aldatzen hasi zen, eta L. M. Santos donostiarraren Tiempo de silencio (1962) obrak bide berriak urratzeko ildoa ireki zuen.