Gazako lerroa
Asia hego-mendebaldeko lurralde palestinarra. Hegoaldetik Egiptok mugatzen du, medebaldetik Mediterraneo itsasoak eta ekialdetik eta iparraldetik Israelek. Lurraldearen forma eta hedadura, 360 km2, Israel eta Egiptok 1949an arabiarren eta israeldarren arteko lehen gerratearren ondoren lortutako armistizioaren ondorioa dira. Gaur egun Palestinako Agintaritzak (PA) gobernatzen du bertan, eremu autonomo gisa, israeldarren mende dauden judu kolonoen kokalekuetan izan ezik. ■ Lurra eta natur baliabideak. Sinai penintsulatik Israelgo Mediterraneo itsasertzeko lautadaraino hedatzen den lurralde estua da. Itsasertza 40 km luze da, Egiptorekiko muga 11 km, eta Israelekikoa 51 km. Zabalera 6 km eta 14 km artekoa da. Lerroaren eremu handiena laua eta hondartsua da; dunak kostaldetik hedatzen dira, hegoaldean batez ere. Euriak ugariagoak dira iparraldean hegoaldean baino: urteko 400 eta 150 mm artekoak dira. Lurrak oso eremu emankor gutxi du: lurraren % 13 bakarrik da lantzeko egokia. Gaza hiriak portu txiki bat du, eta ontziek itsasertzean egiten dute arrantzan. ■ Biztanleria. 1995eko datu ofizialen arabera, 750.000 biztanle zituen, baina kopuru zehatza ez dago jakiterik, desberdintasunak ageri baitira Israelek, Nazio Batuek, palestinarrek edo beste erakunde batzuek egindako kalkuluetan. Dentsitatea 2.083 bizt/km2 da. Gazako biztanleen % 52 hirietan bizi da. Bizilekuaren legezko egoeraren arabera, hiru taldetan bereizten dira biztanleak: Gazakoak bertakoak, behin betiko bizitzen bertan jarri diren iheslariak eta iheslari esparruetako biztanleak. Bertakoak % 40 bakarrik dira, baina indar eta eragin handia dute ekonomian eta politikan. Bestalde, kokaleku bakartuetan bizi diren 4.500 judu kolono inguru dago. Talde txiki hori izan ezik, Gazako beste biztanle guztiak palestinar arabiarrak dira; gehienak musulman sunniak, eta gainerakoak kristauak. ■ Ekonomia. Ekonomiak Israelen mende jarraitzen du; hura da merkataritzako bere bazkide nagusia, eta Gazako biztanleen ia erdiak han dute lanbidea. Tradizioari jarraituz, emakumeak etxean edo Gazako bertako eskulan industrietan aritzen dira lanean. Etxera diru sarrerak gizonek eta seme zaharrenek eramaten dituzte. Gehienek, % 36k, zerbitzuetan egiten dute lan; eraikuntzan % 33k, nekazaritzan % 20k, eta beste industria jarduera batzuetan % 10k. Lanpostu horien % 40 Israelen dago baina politika arazoek askotan eragozten diete palestinarrei lanera joan ahal izatea. Horrek gabezia handiak eragin dizkie palestinarrei, nazio produktu gordinaren % 35 Israelen lortutako irabazietatik baitatorkie. Bertan enplegua sortzeko eta bizi kalitatea hobetzeko (etxebizitza berriak eraikitzea, hondakin urak tratatzeko sistemak sortzea…) nazioarteko enpresa pribatuen egitasmoak oraindik ez dira burutu. Gaza eta Israelen arteko mugan industriak eraikitzeko egitasmoak ere badira, baina horrek ez die egoera berehala hobetuko. Europarako zitrikoen esportazioa handitu egin da, baina ur eskasia eta lantzeko lurren urritasuna direla-eta, bertako nekazaritza ez da nahikoa biztanleria mantentzeko. ■ Gobernua. Trantsizioko politika egoera bizi dute Gazan, boterea Israelgo gobernutik Palestinako Agintaritzara (PA) iragaten ari baitira. Teknikoki Israelen mende dago Gaza oraindik, mugak, segurtasuna eta kanpo arazoak Israelek gobernatzen baititu. Praktikan, ordea, palestinarren eguneroko bizia Palestinaren Askapenerako Erakundearen (PAE) esku dago, Yasser Arafat presidentea buru dutela, eta Palestinako Agintaritzaren administraziopean. Gobernu funtzioak PAEk zuzentzen ditu beraz. Honek 1993an, palestinar eta israeldarren arteko bake prozesuaren baitan, Gaza eta Jeriko-ko itunak sinatu zirenean, Tunisiatik Gaza hirira aldatu zuen bere kuartel nagusia. Palestinako Agintaritza behin–behineko gobernua da, Arafatek eta berak izendatutako kontseilu batek osatua. Beren esku daude osasuna, garraiobideak, hezkuntza eta ekonomia. 1996ko hauteskundeen ondoren Palestinako Parlamentua eratu zen, baina, hala ere, oraindik ez dute lortu lurraldearen autonomia prozesua azkartzea. Kontuan izan behar da gainera, Israelekiko edozein akordioren aurka daudela Hamas eta Yihad, Gazako talde islamiar fundamentalistak. PAk duen beste arazoetako bat Israelen mende dauden juduen kokaguneena da. ■ Historia. Historian zehar, herri eta kultura ugarik hartu izan dute Palestina beren mendean. 1948ko maiatzean sionistek Israelgo estatua aldarrikatu, eta hurrengo egunean arabiar eta israeldarren arteko gerra hasi zenean, egiptoarrak Palestina hegoaldetik sartu ziren. Gerra amaitzean, Gaza egiptoarren mende geratu zen, Zisjordania Jordaniaren esku, eta Palestinako gainerako lurraldea Israelek hartu zuen. Ondorioz, palestinar askok Gazara ihes egin zuen. Biztanleria oso azkar hazi zen beraz, eta garai hartako ekonomiaren garapen eskasa eta palestinar gehienak langile ez gaituak zirela kontuan hartuta, iheslari esparruak eraiki behar izan zituzten. 1956an, Egiptok Suezko ubidea itxi nahi ziolako, Israelek Gaza okupatu zuen Britainia Handiaren eta Frantziaren laguntzarekin. Egiptok Gaza utzi behar izan zuen nazioarteko presioen ondorioz. 1967an, Sei Eguneko gerraren ondorioz, Israelek Zisjordania, Sinaiko penintsula eta Golan ere okupatu zituen. 1979an, Egiptoren eta Israelen arteko bake akordioaren ondorioz hasi ziren lurralde horiek nolabaiteko autonomia berreskuratzen. 1987an, lurralde okupatuetan Intifada izeneko herri altxamenduari hasiera eman zitzaion. 1991. urtean israeldar, palestinar eta siriarren artean hasitako Ekialde Erdikoko Bake Konferentziaren ondorioz, 1993an Israelek autonomia osoa onartu zuen Gazarako. Beraz, Israelgo armada lurralde okupatuetatik atera zen, eta Arafat 25 urteko erbestearen ondoren Gazara itzuli ahal izan zen.