Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gaubea

Arabako mendebaleko udalerria (Añana eskualdea). Valdegovía du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Burgosko herrialdea, ekialdean Añana, Kuartango, Erriberagoitia eta Lantaron, mendebaldean Burgosko probintzia eta hegoaldean Burgosko herrialdea eta Lantaron. Garaiera, 553 m. 238 km2. 1997ko datuen arabera, 914 biztanle ditu (gaubearrak). Herrigune hauek osatzen dute Gaubeako udalerria: Gaubea (herriburua), Acebedo, Astulez, Batxikabo, Barrio, Basabe, Bellojin, Boveda, Espejo, Karanka, Karkamu, Korro, Fresneda, Ginea, Gurendes, Lahoz, Lalastra, Mioma, Nograro, Osma, Pinedo, Quejo, Quintanilla, Tobillas, Tosta, Valluerca, Villamaderne eta Bilanane. Omecillo eta Tumecillo dira Gaubeako haranetik igarotzen diren ibai nagusiak. Gaztelania da eremu ia osoan jatorrizko hizkuntza, baina euskarak ere bere lekua izan du, toponimiak agertzen duenez. Hizkuntza banaketa, 1996an: 29 euskaldun, 42 ia euskaldun eta 808 erdaldun. Nekazaritzan (laboreak, patata, artoa; langileen % 59) eta industrian (zurgintza, janaria industria, ehungintza; langileen % 15) oinarritzen da ekonomia jarduera nagusia. Azken urteotan, 1965. urteaz geroztik, Gaubeako biztanleriak behera egin du, Gasteiza joan baitira bertako herrietako langile ugari.