Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gasteiz

(Esp. Vitoria). Arabako erdialdeko hiria (Arabako Lautada), Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua. Vitoria-Gasteiz du izen ofiziala. 2008ko datuen arabera, 233.399 biztanle ditu Gasteizek (gasteiztarrak). Mugak: Zuia, Zigoitia eta Arratzua-Barrundia, iparraldean; Arratzua-Barrundia eta Iruraitz-Gaunako udalerriko lur eremuak, ekialdean; Kuartango eta Iruña, mendebalean eta Trebiñu eta Bernedo, hegoaldean. Garaiera, 525 m. 277,2 km2. Herrigune hauek osatzen dute Gasteizko udalerria: Abetxuko, Aberasturi, Ali, Amarita, Andollu, Antezana-Foronda, Arangiz, Arkaute, Arkaia, Aretxabaleta, Argandoña, Ariñez, Armentia, Arriaga, Artatza-Foronda, Askartza, Aztegieta, Berroztegieta, Betoño, Bolibar, Gaztelu, Krispiñana, Elorriaga, Eskibel, Eztarrona, Foronda, Gamarra Gutxia, Gamarra Nagusia, Gamiz, Gardelegi, Gasteiz (hiriburua), Gobeo, Gometxa, Gereña, Ihurre, Ilarratza, Jungitu, Lasarte, Legarda, Lermanda, Lopidana, Lubiano, Mandoiana, Margarita, Martioda, Matauku, Mendiguren, Mendiola, Mendoza, Miñao Goien, Miñano Barren, Monasterioguren, Oreitia, Otazu, Oto Barren, Oto Goien, Retana, Subilana, Ulibarri-Arrazu, Ulibarri Nagusi, Ulibarri Dibina, Villafranca, Zerio, Zuhatzu eta Zumeltzu. v Orografia eta klima. Arabako Lautadako ordokiaren erdian dago Gasteiz, Zadorra ibai arroaren gainean, Gipuzkoa eta Bizkaia Gaztela-Leongo Autonomia Erkidegoarekin lotzen dituen errepideen bidegurutzean. Gorbeia, Arlaban, Elgea eta Aizkorri mendiak daude Gasteizko udalerriaren iparraldean eta Gasteizko mendiak hegoaldean. Zadorra ibaia igarotzen da Gasteizko udalerritik iparretik mendebalera. Gasteiz Atlantikoko lurraldeen eta Mediterraneokoen artean dago, eta tartekoa da bertako klima ere, ez oso idorra (828 mm urtean batez beste. Eragin nabaria izan du Gasteizen Zadorrako urtegiak honetan). Neguak hotzak eta heze xamarrak izan ohi dira, eta udako tenperaturak garaiak. v Komunikabideak. Komunikabide sare zabal batek lotzen du Gasteiz Euskal Herriko eta Espainiako estatuko hiri eta eskualde nagusiekin. Autobideak: Bilbo-Gasteiz-Burgos (Madril), Bilbo-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza (Bartzelona), Baiona-Donostia-Gasteiz. Burdinbideak: Irun-Gasteiz-Madril, Bilbo-Gasteiz-Miranda (Madril), Gasteiz-Iruñea (Bartzelona). Nazioarteko aireportua du Gasteizek (Foronda). v Hiriaren bilakaera eta demografia hazkundea. XII. mendeko azken urteetan (1181) sortu zuen Gasteizko hiria Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregeak, Zadorra ibaiaren gaineko muino batean, Bordeletik Astorgara zihoan galtzada erromatarraren erdian, eta Nova Victoria izena eman zion (quae antea vocabatur, Gasteiz «lehen Gasteiz zeritzana», dokumentu horretan bertan agertzen den bezala). Erdi Aroko ohiko hiria zen Gasteiz XIII. mendean: hiriko harresien barnean, hiru kale luzatzen ziren ipar-hegoaldeko norabidean eta kanpo atetan amaitzen ziren beste bi kalek gurutzatzen zituzten aurreko hiruak. Kale nagusiak (Santa Maria) hiriaren iparraldeko gotorlekua (gaur egungo Santa Maria kolegiata) eta hegoaldekoa uztartzen zituen (San Bizente eliza). 1202. urteko suteak Gasteiz suntsitu ondoren hasi ziren hiria zabaltzen eta jatorrizko hiribilduaren ekialdean eta mendebalean luzatu zituzten lehenengo kale berriak, ofizio desberdinei zegozkienak (Uhalginen, Zapataginen eta Arotzen kaleak). Gasteiz Gaztelako erregearen mendeko hiria zen jadanik garai hartan, 1200an sartu baitziren gaztelarrak Araban. Hiri militarra izatetik (Nafarroako, Gaztelako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bideak elkartzen ziren bidegurutze garrantzitsuan zegoen Gasteiz) merkatari hiria izatera igaro zen urte gutxiren buruan; Donejakue bideko hiria ere bazen. XIII. mende erdialdean aurrera ekin zioten bigarren zabaltzeari eta bost kale berri eraiki zituzten ekialdean Erdi Aroko hiribarnea eratzeko: Labainginen eta Pintoreen kaleak, Juduen auzoa eta Santo Domingo eta Barrenkale txikia. Garai hartan eraiki zen, kanpoko harresi berriari eratxikirik, San Ildefontso eliza. 10.000 biztanle inguru zituen Gasteizek garai hartan eta harresiez kanpo auzo berriak sortzen hasi ziren San Frantzisko, Santo Domingo, Santa Klara eta Madalenako komentuen inguruan. XIV-XVIII. mendeetan ez zen zabalkunde berririk egin Gasteizen. XIV. mendean behera etorri zen Gasteizko merkataritza, izurriteak Europa osoan egin zituen triskantza handiengatik, eta hiriko merkatariek eta burgesek utzitako lekua hartu zuten Arabako etxejaun handiek; garai hartan eraiki ziren kale egituran nabarmentzen diren jauregi batzuk: Kordoiaren etxea, Alavatarren etxea, Kuboen etxea. Biztanle ugari galdu zuen Gasteizek aurrerantzean (4.000 biztanle zituen 1423. urtean; 5.500 biztanle 1560an; 5.441 biztanle 1768an). Jauregi batzuk eraiki ziren XVI. mendean, Errenazimentuko arte moldeei jarraituz, eta komentu batzuk, harresiez kanpoaldera (Santa Kruz, 1530; San Antonio, 1608). Nolanahi ere, merkataritza zen hiriko jarduera nagusia eta bertako aduanak bizibide oparoa ematen zuen. 1766. urtean bertan finkatu zen Euskalerriaren Adiskideak erakundea eta, elkarte horrek nekazaritza eta industria mailan abiarazi zuen ekimen handiari esker, Erdi Aroko esparrutik atera eta harresiez kanpoko eremuak hasi ziren hartzen. Demografia hazkundea ere ikusgarria izan zen garai hartan (5.441 biztanle zituen 1768an eta 6.302 zortzi urte geroago). XVIII. mende bukaeran, hegoaldera zabaldu zen Gasteiz (Plaza Berria eta parte zaharra berriarekin lotzen duen Arkupea, obra neoklasikoak biak, Justo Antonio de Olaguíbel arkitektoarenak). XIX. mendearen erdia arte motel hazi zen hiriko biztanleria Napoleonen osteen aurkako eta liberalen eta karlisten arteko gerrak zirela eta (10.703 biztanle 1828an; 7.117 biztanle 1839an). 1822. urtean Espainiako estatuko bosgarren barruti militarreko hiriburu bihurtu zen Gasteiz. Lehen Gerra Karlistaren ondoren, ekonomia hazkundeak eta burdinbideak industria ekarri zuen Gasteiza. 1864. urtean iritsi zen Gasteizaino burdinbidea eta aro modernoko bigarren zabalkunde lan garrantzitsuak abiarazi ziren horrekin batera. Bigarren Karlistadaren ondoren, demografia hazkunde nabaria izan zuen Gasteizek (18.718 biztanle 1856an; 30.514 1897an). Etorkin gehienak Arabako herrietatik etorri ziren eta Gasteizen egokitu ahala hustuz joan ziren inguruetako herriak. XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran egin ziren hirugarren zabaltze lanak, geltokiaren inguruan: Dato, Manuel Iradier, San Prudentzio eta Alava Jenerala kaleak. XX. mendearen lehen erdialdean ez zen hiriko biztanleria asko emendatu (30.701 biztanle 1900. urtean; 52.206 biztanle 1950. urtean). Militarrak asko ziren (lanean ari ziren biztanleen % 23, 1950. urtean). Langileentzako auzoak eraiki ziren 1940ko hamarkadan: Judimendi eta San Kristobal auzoak eta Zumaquera eta San Martin ibilbideak. Industriaren hazkundeari esker, izugarri handitu da Gasteizko biztanleen kopurua 1950. urtetik aurrera eta hiri aldakuntza handiak gertatu dira. Zabaltze behar honen ondorioz sortu ziren Abetxuko, Errekaleor, Armentia, Adurtza, Ariznabarra eta Zaramagako langile auzoak. 1960az gero, Gasteizko hiritik kanpo eraiki dira industrialde guztiak. Azken urteotan biztanleriaren hazkundea asko baretu bada ere, handitzen jarraitu du Gasteizek, nahiz eta urrun egon 1960-70 hamarkadetako biztanle ugaltzetik. Hamarkada haietan eta hurrengoaren aurreneko urteetan bi faktorek eragin zuten gehienbat Gasteizen hazkundea: hirian eta bere inguruetan garatu zen industrializazio azkarra, eta EAEko erakunde bateratzaileen –Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta Lehendakaritza, besteak beste– egoitza bilakatzea. Industrializazio prozesua 1960tik aurrera hasi zen, eta horren ondorioz hamar urteren buruan 73.000 biztanle izatetik 137.000 izatera igaro zen hiria. 1970. urteko 137.000 biztanle haiek 193.000 ziren 1980an, eta 210.000 1991n. ■ EAEko gainerako hiriburuekin alderatuz gero, eremu handia eta –horren ondorioz– biztanle dentsitate txikia ditu Gasteizek. Guztira 276 km2-ko azalera du; dentsitatea, beraz, 829,1 biztanlekoa da km2-ko (2006), Bilbon 8.565,3koa eta Donostian 2.961,6koa den bitartean. Dentsitate apal horren ondorio bat Gasteizek duen berdegune kopuru handia da; Espainiar estatuko hirien artean handiena. ■ Biztanleriari dagokionez, egun Gasteizen bizi direnen erdia hiritik kanpo jaioa da. 3.367 Espainiako beste Autonomia Erkidego batzuetan jaioak dira (2006), industralizazioak eragin zuen immigrazioaren ondorioz iritsia. Arabako beste udalerri batzuetan jaioak dira 1.070, eta EAEko beste udalerri batzuetakoak 780, 4.050 atzerritarrak direlarik. Gasteizen bizi diren atzerritar gehienak (10etik 9) 2000. urtetik aurrera iritsiak dira. 2007. urtean 5.000 atzerritar berri iritsi ziren hirira. Gasteizen hazkundea inguruko udalerrietara zabaldu da, eta udalerri horietako batzuk ere bereganatu ditu azken urteotan. Handitzen jarraitzen duen hiria izanik, 1998an Hirigintza Plan Orokor berria onartu zuen Gasteizko Udalak, hurrengo hamarkadan, besteak beste, 28.000 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duena. Beste erakunde batzuekin liskar ugari eragin dituen Plan Orokor horren ondorioz hirigunearen inguruetara zabaltzen jarraituko du Gasteizek, besteak beste Salburua, Lakua eta Zabalgana aldera. ■ Azken urteetan garatutako egitasmoetan aipagarria da egungo arteari eskainitako museoa, Artium izenekoa, Gasteizek duen museo sare aberatsa osatzen duena. 1998an aurkeztu zen egitasmoa, 3.400 milioi pezetako aurrekontuaz. Garai bateko autobus geltoki zaharraren orubean, eta Gasteizko Arte Ederretako Museoan gordetzen zen gaurko arte bilduma –1.000 bat lanez osatua, eta Espainiako onenetarikoa– izan da museo berriaren oinarria. ■ Hizkuntzari dagokionez, gaztelera da nagusi Gasteizen, nahiz eta azken urteotan euskarak nabarmen egin duen aurrera. 1996an, esaterako, biztanleen % 64 erdalduna zen (138.486 gasteiztar), % 20 ia euskalduna (43.295) eta % 14 euskalduna (28.900). Euren burua euskalduntzat zuten horietatik, ordea, 4.174 baino ez ziren euskaldun zaharrak, Gasteizen euskararen zabalpena fenomeno nahiko berria den seinale.   v Hizkuntza. Euskara da Gasteizko berezko eta jatorrizko hizkuntza. XVI. mendean hasi zen nagusitzen gaztelania, eta XVII. mendetik aurrera hizkuntza nagusi egin zen, nahiz eta azken urteotan euskarak nabarmen egin duen aurrera. 1981 eta 2001 urteen bitartean euskaldunen ehunekoak 11,2 puntu egin du gora, hala ere, biztanleen %64,7 erdalduna da 2001. urtean. Gasteizen euskararen zabalpena fenomeno nahiko berria bada ere, 2001. urtean 15 urtetik beherakoen artean erdia, gutxi gorabehera, euskaldunak dira (20 urte lehenago urte tarte horietakoak ez ziren %5era iristen. Gasteizen eta inguruko herrietan hitz egiten zen euskararen adibideak eman zituen 1562. urtean Nicola Landucci italiarrak bere Dictionarium linguae Cantabricae izeneko hiztegian. Gasteizen arabarra egiten zen, gaur egungo bizkaieraren antzekoa. v Ekonomia. Gasteiz nekazaritza eremu aberats bateko hiri nagusia izan da XX. mendearen hasieratik, XX. mendearen erdialdetik aurrera industria garatu den arte. Merkataritza hiri garrantzitsua izan zen Gasteiz XIII. mendean, Donejakue bidearen ertzean zegoela eta. Merkatari eta funtzionario hiria izan da mendeetan zehar. XVIII. mendean, bi altzari ola eta ehundegi bat zeuden Gasteizen. XIX. mendean, burdinbidea bertaraino iristearekin batera, sendotuz joan zen industria, eta mende bukaeran industria ugari ziren Gasteizen, altzairu lantegiak nagusiki. 1950eko hamarkadatik aurrera izugarri hazi da Gasteizko industria alorra (9.481 langile ari zen industrian 1950. urtean; 37.242 1975ean, langileen % 60). 1975ean, industria zen ekonomia jarduera nagusia (altzairugintza, kimika industria, eraikuntza, janari industria, zurgintza; langileen % 50,5) eta guztiz garrantzitsua zen zerbitzuen alorra (administrazioa, eskolak, unibertsitatea, erietxeak, dendak, garraioak; langileen % 48,7). Nekazaritzak ez du garrantzi handirik udal barrutiaren barnean. Kopuru hauek asko aldatu dira gaurko egunean. Zerbitzuen alorra asko handitu da Gasteizen, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio, politika, gobernu eta kultura erakunde nagusiak bertan finkatu zirenetik (1980. urtetik aurrera, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Legebiltzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea, Ertzaintza…). Arabako industria hiri garrantzitsuena da gaur egun ere Gasteiz, Laudiorekin batera. 1996an sortutako balio erantsiaren % 57 zerbitzuek ekarri zuten (Arabako batez bestekoaren gainetik ia hamar puntutan), % 6 eraikuntzak (batez bestekoaren parean), % 37 industriak (batez bestekoaren azpitik ia sei puntutan), eta gainerakoa lehen sektoreak. Industriak, nolanahi ere, gero eta garrantzi handiagoa du Gasteizko egitura ekonomikoan, eta enpleguaren ia erdia hartzen du. Ohiko industriari sektore berriei emana gehitu zaie azken urteotan, bereziki autogintzari, aeronautikari eta ekarpen teknologiko handiko sektoreei. Udalerrian bertan kokatutako industriaguneetan zein, hiriburuaren eraginez, inguruko udalerrietan sortu direnetan –aipagarria da Aramiñonen sortu den Parke Teknologikoa–, industria asko kokatu du azkenaldian, hiriaren eta eskualdearen egitura ekonomikoa indarberrituz. Suspertze ekonomiko horrek isla zuzena izan du enpleguan. 1999tik 2000ra, esate baterako, 12,7 puntutan jaitsi zen langabezia Gasteizen. v Artea. Erdi Aroko hiria delarik, garai hartako monumentu ugari gorde ditu Gasteizek: hiria inguratzen zuen harresiaren arrastoak, Santa Maria katedral zaharra (XIV. mendearen hasieran eraikitzen hasia), San Bizente parrokia gotikoa (XV. m.), San Migel eliza gotikoa (XIV-XVI. m.), San Pedro eliza gotikoa (XIV. m.), apaizgaitegia eta XX. mendeko katedral berri neogotikoa. Eraikuntza eta monumentu zibilei dagokienez, aipagarriak dira XV. mende bukaerako Kordoiaren etxe gotikoa, Gobeo-Gebaratarren etxea, gaur egun Arkeologia Museoa dena, El Portalon izeneko etxea (XV. m.), Esquivel jauregia (XV. m.), Hurtado de Andatarren dorretxea, Velasco-Berastegitarren jauregia (XVI. m.), Ruiz de Bergaratarren jauregia (XVI. m.), Bendañatarren jauregi gotiko-platereskoa (XV. m.), Villa Suso jauregia (XVI. m.), Posta etxea, Ajuria Enea (Euskadiko lehendakariaren egoitza, 1918. urtean amaitua), XVIII. mendeko udaletxe neoklasikoa, Arabako Foru Aldundiaren egoitza neoklasikoa (1833-1845) eta Gasteizko guduaren (1813) oroigarri gisa eraikiriko monumentua (1917. urtean amaitua). Aipagarriak dira, halaber, Burulleria, Machete, Plaza Berria, Plaza Zaharra eta Foruen plaza berria eta parkeak edo berdeguneak (San Martin, La Florida, El Prado, Judimendi, Aranbizkarra, Molinuevo eta San Juan Arriaga).   
 v  Historia. Historialari batzuen arabera, Leovigildo errege bisigodoak 581. urtean Araba aldean sortu zuen Victoriacum izeneko hiria izan zen Gasteizko hiriaren lehenengo gunea. Beste batzuek, aurreko gune erromatar, kantabriar eta, are, bizantziar bat hartzen dute Gasteizko hiriaren jatorritzat. Arazo honen aurrean argibide aski eman dezake etorkizunean Ubarrundiaren eta Lautadaren arteko gain batean, Aldaietako muinoan hain zuzen, orain aurkitu berri den eta induskatzen hasi diren hilerriak. Aldaietako hilerriaren inguruko herriaren aztarrenik ez da oraindik aurkitu (bi gune nagusi bereizten dira alde horretan: Espikulatxeko gaina eta Torraldeiko dorrea edo gotorlekua), baina garbi dago hilerrian aurkituriko hondakinak bisigodoak ez direla, bisigodoek Euskal Herria erasoan eduki zuten garaikoak diren arren (K.o. VI-VII. m.). Nolanahi ere, zalantzarik gabe esan daiteke gaurko egunean, gaurko Gasteizko hiriaren lehenengo gunea Arabako Lautadako erdialdeko muino batean zegoela, XI. mendearen hasierako dokumentu batean ageri den Gastehiz alegia (San Millan de la Cogolla, 1025). Arabako lurraldea luzaroan egon zen Nafarroako eta Gaztelako buruzagien gutiziapean, baina XII. mendean Arriagako kofradian Gaztelaren alde zeuden etxe nagusiek (Mendozatarrek) onartu zuten Nafarroako erregeak Arabako Lautadan hiri bat eraiki zezan. 1181. urtean sortu zuen hiri hori Antso VI. Jakituna Nafarroako erregeak, Logroñoko foruen arabera, eta Nova Victoria izena eman zion lehengo Gasteiz haren ordez. Gotorlekua edo hiri militarra zen inondik ere, erbestetik bideraturiko erasoei aurre egiteko harresi gotorrez hornitu zutena. 1200. urtean, Nafarroako erregea arabiarren aurkako kanpaina batean zegoela Arabako Lautadan sartu zen. Zazpi hilabetez luzatu zen Gasteizen inguruko setioa eta bere helburua lortu zuen azkenean Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak. Hasierako hiria suntsiturik geratu zen eta 1202. urtean hasi ziren berritzen sute handi baten ondoren. Handik aurrera hasi ziren Gaztelako gobernariaren mende zegoen Gasteizko hiriaren (Gaztelako koroaren) eta inguruko herrien (Arriagako kofradiaren) arteko tirabirak, Gaztelako erregearen manupean Gasteiz eta Trebiñuko hiriak baizik ez baitzeuden. 1258. urtean, bere meneko egin zituen Gasteizko hiriak Arriaga, Betoño, Gaztelu, Gardelegi eta Mendiolako herriak. 1271. urtean, Alfontso X.a Gaztelakoak errege forua (Gaztelako hiri guztientzako zen foru arrunta) eman nahi izan zion Gasteizi baina atzera jo behar izan zuen, hiritarren protestak zirela eta. 1286. urtean, Lasarteko herria beretu zuen Gasteizek. 1332. urtean, Arriagako kofradiak Gaztelako koroari lotzea erabaki zuen eta Alfontso XI. Gaztelako erregeak, Gasteizko hiriko jaunek egiteko horretan egindako mesedeen truke, Arabako Lautadako herri asko ezarri zituen hiriaren mendeko. Alfontso XI.a hil ondoren (1350) piztu zen Gaztelako erregetzarako gerra, Petri I.a Ankerra eta Henrike II.a Trastamarakoa Alfontso XI.aren semeen artean. Petri I.ak Nafarroako erregearekin negoziatu zuen laguntzaren truke 1366. urtean Nafarroako koroaren mendean geratu zen hiria. Gipuzkoan Henrike II.a Trastamarakoaren alde zeuden jaunek eraso zioten hiriari eta 1368an Karlos II.a Nafarroako erregeak hartu zuen hiria, Petri I.arekiko laguntza hitzarmena hautsi ondoren. 1373. urtean itzuli zion Nafarroako koroak Gasteizko hiria Gaztelari. 1421. urtean hiri titulua jaso zuen Gasteizek Joan II.a Gaztelako erregearen eskutik. XV. mendean gatazka latzak izan ziren Gasteizko hirian Ayala eta Calleja ahaide nagusien artean. Gaztela eta Aragoiko Errege-erregina Katolikoen garaian pribilegio berriak jaso zituen Gasteizko hiriak eta haren mendeko ezarri ziren Zuiako harana eta Dulantzi, Bernedo eta Burgeluko hiriak. XIII. mendearen hasieran finkatu ziren Gasteizen juduak eta beren kalea, alhama edo auzoa izan zuten luzaroan, pribilegio batzuez gainera. XV. mendean murriztuz joan ziren eskubide horiek eta 1492an erbestera bota zituzten, Errege-erregina Katolikoen agindu baten bitartez. Ekonomia zailtasun handiak ekarri zituen neurri horrek. XVI. mendetik aurrera, hertsiki lotu zitzaion Gasteizko hiria Gaztelako koroari, baina guztiz galdu zuen Erdi Aroan merkataritzan izan zuen izena. Gasteizko hiriak errege hiriari zegokion udal gobernu berezia izan zuen eta, era berean, Arabako foru herrialdeko erakundeetan parte hartzen zuen hiri eta herri taldeburu gisa. Gasteizen bizi ziren Arabako familia handi gehienak eta, beraz, hiri horretan biltzen zen batez ere ekonomia eta politika aginpidea. XVIII. mendean leku hartu zuten Gasteizen ilustrazioko ideiek eta 1766. urtean bertan hartu zuen egoitza Gipuzkoan sortu zen Euskalerriaren Adiskideak elkarteak. XVIII. mendean hasi ziren Gasteizko hiriko egiturak aldatzen eta Erdi Arotik zetozkion molde zaharkituak berritzen. Bestalde, Gasteizen zegoen (halaxe egon zen 1841. urtea arte) Euskal Herriak Gaztelarako zuen aduanetako bat. Konbentzioko Gerran, 1795. urtean, oste frantsesen esku egon zen hiria aldi batez. Napoleonen osteen inbasioaren garaian, berriro ere egon zen hiria indar frantsesen eskuko (1807-1813). 1813ko ekainean, Wellingtongo duke ingelesak gidaturiko armada ingeles-portugaldar-espainiarra frantsesei nagusitu zitzaien Gasteizko ateetan egindako guduan (Gasteizko gudua, 1813). Hondamendi haren ondoren, betiko utzi zuen Iberiar Penintsula Napoleonen armadak. Triskantza handiak eragin zituzten oste frantsesek joaterakoan (berriro ere menderatu zituzten Irunen, San Martzialgo guduan, 1813ko abuztuan), baina ezin ukitu zuten hartakoan Gasteizko hiria. XVIII. mendean piztu ziren ideia liberalek indar berria hartu zuten gerra haren ondoren. Lehenengo karlistadan bi aldiz setiatu zuten karlistek hiria, 1834an, baina sartu-irten egin zuten lehenengoan eta alde egin behar izan zuten bigarrenean. 1822. urtean barruti militar bateko hiriburu egin zuten Gasteiz eta Lehenengo Karlistadaren ondoren indartu egin zuten liberalek izaera hori. 1841. urtean desagertu zen Gasteizko aduana. Euskal Herriko Bigarren Karlistadak ez zuen eragin zuzenik izan hirian. XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran azaldu ziren Gasteizen lehen talde abertzaleak, foruzaleen artean, eta sozialistak, ofizialak egiturei loturik bizi ziren langile taldeen artean. 1936ko Gerra Zibilean, hasieratik geratu zen Gasteiz Francoren aldeko militarren eskuetan eta hutsean geratu ziren Euzko Gudarosteak hiria hartzeko helburuan eginiko saio guztiak (1936ko azaroa - 1937ko otsaila). 1950eko hamarkadan hasi zen Gasteizko hiri egitura aldatzen eta, bertako udalak eta Arabako Diputazioak bideratu zuten ekimen bereziari esker, enpresa asko sortu eta hurbildu zen. 1970. urteetan industria eta langile hiri bihurtu zen Gasteiz. 1976. urtean, bost langile hil zituen Espainiako poliziak langileen manifestaldi batean. Euskadiko autonomia estatutua onartu zenetik, Gasteiz da elkarte horretako hiriburu eta bertan daude gaur egun Euskadiko administrazio, politika, gobernu eta kultura erakunde nagusiak. Euzko Alderdi Jeltzalea da gaur egun Gasteizko alderdi politiko nagusia, eta Espainiako Alderdi Sozialista ondorengoa. 1990eko hauteskundeetan ordea, hazkunde handia izan du Unidad Alavesa abertzaleen aurkako alderdi eskuindarrak. ■ Politikagintzari dagokionez, aldaketa esanguratsua gertatu da azken urteotan Gasteizen. Udal demokratikoak osatu zirenetik 1999ko udal hauteskundeetara bitartean alkate abertzalea izan zuen Gasteizek, EAJ eta EAko kide izandako Jose Angel Cuerda. Bere azken agintaldian bere alderdiarekiko guztiz kritiko agertu ondoren –besteak beste, gehiegizkotzat jotzen zituen jeltzaleen eta ezker abertzalearen arteko harremanak–, 1999ko hauteskundeetan EAJren zerrendaburu ez izatea erabaki zuen Cuerdak, eta politikagintzatik apartatzea. Indar ez abertzaleek Araba osoan izan duten gorakadaren eragina Gasteizen ere nabarmena izan zen, eta 1999ko udal hauteskundeetan Alfonso Alonso buru zuen Partido Popular-aren zerrenda izan zen boto gehien lortu zituena. 9 zinegotzi lortu zituen PP-k, 7 EAJ eta EA-k osatutako kandidatura bateratuak, 5 Cuerdaren garaian bigarren indar izan ohi zen PSE-EEk, 3 EHk, 2 UAk eta 1 IU-EBk. Nahiz eta PPk ez lortu behar bezainbateko gehiengorik, Araba mailan sozialistekin hitzartutako akordioaren ondorioz, Alfonso Alonso bilakatu zen Gasteizko alkate. 2007ko udal hauteskundeetan ere 9 zinegotzi lortu zituen PPk Gasteizen, beste 9 PSE-EEk eta 6 EAJ-PNVk. Dena dela, PPk eta PSEk zinegotzi kopuru bera lortu bazuten ere, PSEk boto gehiago izan zituen, eta ondorioz, Patxi Lazcoz sozialistak hartu zuen alkatetza.