Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gaskoiera

(Gaskoieraz gascoû) iz. Gaskoniako hizkuntza. Goiz Erdi Aroan Pirinio mendietatik iparraldeko euskaldunek Garonne eta Aturri ibaien artean hartzen zituzten lurraldeetan sortu zen latin hizkuntza da, oc hizkuntzen edo okzitaniar hizkuntzen familiakoa. Gaskoiera, beraz, euskara mota bat hitz egiten zuten akitaniar erromatartuen hizkuntza da. Euskal sustratuaren eraginaz seguruenik, berezia da gaskoiera beste okzitaniar hizkuntzen aldera. Biarnesa, Landetako eta Armagnaceko gaskoiera, Bigorrako mintzaira eta Gironda aldeko dialektoak (Bazas) dira egungo gaskoiaren dialekto nagusiak. Goi Aragoiko eta Kataluniako Arango bailarako hizkuntzek, bestalde, lotura handia dute gaskoierarekin. Frantziako hego-mendebaleko bederatzi departamendutan hitz egiten da egun gaskoieraz: Ariège, Haute-Garonne, Tarn eta Garona, Lot eta Garona, Gironda, Pirinio Garaiak, Gers, Pirinio Atlantikoak, Landes. Hauetatik hiru dira erabat gaskoiak: Pirinio Garaiak, Gers eta Landes. Gaskoierak ez du egun inolako onarpen ofizialik Frantziako estatuan (hizkuntza ofiziala da, ordea, Arango bailara osoan) eta guztiz murriztu da azkenaldi honetan haren erabilera. 2.000.000 gaskoi hiztun inguru zegoen Gaskonian 1879. urtean, eta 200.000 inguru dira gaurko egunean. v Gaskoiera eta Euskal Herria. Gaskoieraren eremua Aturri ibaiaren hegoaldeko alde euskaldunetara hedatu zen Berant Erdi Aroan: gune gaskoia nagusitu zen Baionan XII-XIII. mendeetatik aurrera eta neurri handi batean gaskoitu ziren XVI-XVII. mendeetan haren inguruko Angelu eta Miarritze. Bestalde, sarrera izan du gaskoierak Aturri ibaiaren inguruko Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herri anitzetan, bigarren hizkuntza gisa; hala, gaskoieraren ezaguera zabala izan da Ipar Euskal Herriko herri askotan. Gaskoi kolonia gisa sortu zen Bastidako hiria. Zubereraren eta biarnesaren arteko mugak ez dira mendeetan aldatu, edo arras gutxi, eta beste muga eremuetan bezala, zuberotar askok ezagutu dute biarnesa, bigarren hizkuntza modura, oraintsu arte. Bestalde, Gipuzkoako ekialdeko kostaldera (Donostia-Pasaia-Hondarribia) zabaldu zuten Baionako eta inguruko gaskoiek beren hizkuntza XII. mendetik aurrera. Erdi Aroan, Donostian eta inguruko hirietan, merkatarien artean batez ere, gaskoiera izan zen hizkuntza nagusia; baina gaztelania ofizial eta euskara egunoroko mintzaira bihurtu zirenean, pixkana-pixkana ahuldu zen gaskoieraz hitz egiteko ohitura (XIX. mende bukaera arte eutsi zioten gaskoierari Pasai Donibaneko herritar askok). Gaskoieraz idatzi zen Baionako Forua XIII. mendean eta gaskoiera-biarnesez idatzi ziren Nafarroa Behereko foruak (Los Fors et Costumas deu Royaume de Navarre deça-Ports, Paue, 1641) eta Zuberoako Kostüma (1520). Biarnesa izan zen luzaroan Nafarroako gorteko hizkuntza. Gaur egun bada Baionan Académie Gascounne izeneko erakundea, gaskoieraz idatzitako literaturaz arduratzen dena.