Gaskonia
(Gaskoieraz Gascougne; Fr. Gascogne; Ing. Gascony; Esp. Gascuña). Gaur egungo Frantziako estatuko hego-mendebaleko antzinako lurralde batzuek osaturiko multzo bati aspaldidanik eman zaion izena, Vasconia edo Waskonia, euskaldunen herria adierazten zuen hitzetik datorrena (Estrabonek Ouaskonon izena aipatu zuen bere Geograhian, K.a. 7. urtean. Wasconia izena erabili zuten frankoek eta bisigodoek VI-VII. mendeetan eta Basculi idazle arabiarrek. XII. mendean erabili zuen lehen aldikoz Baskonia izena Guibert de Nogent fraile frantsesak bere Gesta Dei per Francos, Gurutzadetako historian). Gaskonia izena beraz, frankoek, ingelesek eta frantses atzerritarrek erabili zuten historian zehar eta gaur egungo gaskoiek, hizkuntza eta molde erromanikoak hartu zituzten Akitaniako antzinako euskaldunen ondorengoek, gorde dute herri izen gisa. Tradizio euskaldunak, ordea, ongi bereizi ditu historian zehar gaskoi herria eta euskal herria, jatorriz herri berbera direla esan daitekeen arren. Gaskoniak mendebaleko eta erdialdeko Pirinioen eta Garonne ibaiaren arteko antzinako lurraldeak hartzen ditu, hau da, erromatarrek Akitaniatik bereizi zuten Novempopulania. Lurralde hauek bereizten ziren oro har, Gaskonian (X. mendetik aurrera): Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurralde euskaldunak, Biarno, Landak, Armagnac, Bigorra, Condomois, Comminges, Conserans, Bazadais eta Agenais. v Gaskoniako printzerria eta Akitaniako dukerria. VIII. mendean, Iruñeko erreinua sortu zen garaian, franko karolingioen mendean zegoen Gaskoniako printzerria (Lupo II.a eta Lupo Antso “gaskoien printzeak” ziren 769 eta 801. urteetan. 816. urtean Seguin I.a Bordeleko kondea izendatu zuten frankoek “gaskoien duke” eta 852. urtean Antso Mitarra (Menditarra ?) zen bertako duke. Gilen Antso Gaskoniako dukea (997an hila) Bordeleko konde ere izan zen X. mendearen azken laurdenean, eta Gaskoniako lurralde bihurtu ziren Bazadais-ko (Bazas ingurua, Bordeleko hegoaldean) eta Agenais-ko (Garonaren eskuinaldeko lurraldea) eskualdeak. Gorabehera askoren ondoren (duketzarako gerrak, 1032-1052), Poitiers-Akitaniako etxeak eskuratu zuen Gaskoniako duke titulua. Bitartean, 1023an sortu ziren Lapurdiko eta Zuberoako bizkonderriak. Bi euskal lurralde hauek loturik zeuden neurri handi batean Iruñeko erreinuari eta oraindik halako batasunik ez zuen Nafarroa Behereko lurrak Lapurdiko bizkonderriaren eta Iruñeko erresumaren eraginpean zeuden. Nolanahi ere, Akitaniako etxearen mendeko lur guztiak Ingalaterrako koroara igaro zirenean (Eleonor Akitaniakoaren eta Henrike II.a Ingalaterrakoaren arteko ezkontza, 1151), Lapurdi eta Zuberoa Akitaniako dukeen mende gelditu ziren eta Nafarroa Behereko eremu gehienak Iruñeko erreinuaren barruan. Teodebaldo I.a Nafarroako erregea saiatu zen 1244-1245 urteetan Lapurdi hartzen; ez zuen lortu, baina Nafarroa Behereko mugak finkatu zituen. Nafarroako koroak aginpide handia izan zuen beti Lapurdin eta Zuberoan, bertako ahaide nagusien bidez, eta Baionako hiriarekiko harremanak onak izan ziren gehienetan. Gaskonia Ingalaterrako eta Frantziako koroen arteko gerren eta guduen gertalekua izan zen luzaroan (Ehun Urteko Gerra, 1337-1453), eta haren ondoren Frantziako koroaren mendean geratu ziren lurralde gehienak (1449an Zuberoa eta 1451n Lapurdi), neurri hark sortarazi zituen gatazkek XVI. mendearen hasiera arte luzatu baziren ere. Biarnoko bizkonderria, ordea, bizkonderri burujabea zen XIII. mendean (soberanitat) eta XIV. mendean bateratu ziren Foix eta Biarnoko etxeak, Gaskoniako dukerritik kanpora betiere. 1476. urtean, Nafarroako erreinua eskuratu zuen Foixko etxeak eta Gaskoniako printzerri ohiko hainbat lurralde bildu ziren Nafarroako koroara (Nafarroa Beherea, Biarno, Foix, Albret). XVI. mendean, berebiziko indarra hartu zuen erreforma kalbinistak Nafarroako erreginaren manupeko lurralde guztietan (Joana III.a Albretekoa, 1560). Luis XIII.a Frantziako erregeak bildu zituen lurralde hauek guztiak Frantziako koroara, baina Nafarroako eta Frantziako erreinuek berex iraun zuten 1789. urtea arte, errege bat eta bera zuten arren. Luis XIII.aren garaian hasi zen militar gaskoien ospea hedatzen Parisko gortean (horietako bat izan zen d’Artagnan mosketari ezaguna). XVII. mendean, Gaskonian eta Guyennen (XII-XV. mendeetan ingelesen esku egon zen Akitaniako beste aldea, Garonne eta Loire ibaien artean) lurralde militar berezi bat eratu zuten, Bordele hiriburu. 1789. urteko iraultzaren ondorioz erabaki zen Gaskoniako lurraldea departamendutan banatzea.