Garrido Jiménez, Manuel
Espainiar filosofoa (Granada, 1925). Logika eta filosofia katedraduna Valentziako Unibertsitatean eta Madrilgoan. 1960 ondoko urteetan, bera izan zen logika formalaren zabaltzailea Espainian, zientziaren filosofiaz eta filosofia analitikoaz ekarpen ugari egiteaz gainera. Haren Lógica simbólica (1974, Logika sinbolikoa) logikako eskuliburu klasikoa bihurtu da. Horrez gainera, logikari eta zientziaren filosofiari buruzko saiakera ugari idatzia da. Logikari buruzko kongresuak antolatu ditu, baita garrantzi handiko logikoak eta filosofoak erakarri ere: Strawson, Quine eta Davidson, besteak beste. Bestalde, Teorema aldizkaria sortu zuen, logikaz eta zientziaren filosofiaz Espainiako Unibertsitatean izan den lehenengo aldizkaria. Bere obran dedukzio logikaren prozesuei buruzko interpretazio originalak egiten ditu, zibernetikaren eta hizkuntza formalen ekarpenak aztertzen, eta bere errealitatearen teorian, materialismoa eta errealismo kritikoa elkartzen ditu, egungo zientzia naturalen eta formalen ekarpenetan oinarriturik. Bestalde, aipagarria da atzerriko egileak zabaltzeko egin duen ahalegina, Beth, Gadamer, Gödel, Habermas, Haecker, Leen, Lorenzen, Quine, Turing eta Woodeger-en lanak itzuliz. 1955. urtetik aurrera, Madrilgo Jorge Santayana katedraren zuzendaria da, eta Santayanaren obren gaztelaniazko edizio kritikoaren arduraduna.