garraio 1
iz. Garraiatzea.
■ Garraio sistema adimendunak. Errepide bidezko garraiobideen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko teknologiak, hala nola, elektronika aurreratua, komunikazioak eta informatika sistemak. Jatorrian IVHS (Intelligent Vehicle/Highway Systems, Automobil eta Autobideetarako Sistema Adimendunak) izenez ezagutzen ziren, eta gaur egun ITS ere deitzen zaie. Gidarien eta autobideen artean informazioa denbora errealean trukatzeko aukera ematen dutelako deritzaie adimendun. Sistema hauei esker gidariek zirkulazioaren egoeraz (istripuez, auto-ilarez…), ibilbideez eta helmuga ezezagunez azken informazioa jaso dezakete, eta, agian, autoaren kontrol automatizatua izatera ere iritsi ahal izango da gidaria etorkizunean. Zenbait hiritan, errepide nagusietako zirkulazioa bideo kameren, radarren edo sentsoreen bidez kontrolatzen da, eta ordenagailu sistema nagusi batek informazioa aztertzen du, ilarak sortuz gero zirkulazioa automatikoki hobetzeko: trafiko seinaleak egokituz, hiri sarreretako zirkulazioa kontrolatuz, edo gidariei errepidean zehar jarritako seinale elektronikoen bidez informazioa emanez. Zenbait auto modelotan gidariarentzako informazio sistema aurreratuak jartzen hasi dira aukera moduan; halakoetan, gidariak helmugako helbidea sartzen du, eta sistemak hara iristeko biderik errazena agertzen dio, pantaila batean mapa elektroniko bat erakutsiz, edo bidaian zehar argibide eta aginduak ematen dituen ahots sintetizatu baten bidez. Sistema hauek autoan transmisio eta erantzungailuak erabiltzen dituzte, eta Kokapen Orokorraren Sistema bat, satelite artifizialen bidez uneoro autoaren kokapen zehatza ezagutzeko. Larrialdiren batean laguntza eskatzeko irrati zelularreko teknologia ere badute. Horrez gainera, segurtasuna hobetzeko ibilgailuen kontrol automatizaturako sistemak garatzen ari dira; autoaren ertzean jartzen dira, gidariari arrisku jakin batez ohartarazteko edo larrialdiren batean gizakiaren okerrak zuzentzeko. Bestalde, eskoletako autobusetan radar bereziak jartzen hasi dira, ibilgailutik gertu norbait sumatuz gero gidariari jakinarazteko. Gidaria ispiluetatik ikustera iristen ez den ibilgailuak antzemateko ere erabiltzen dira radarrak eta beste sentsore mota batzuk. Gainera, gauez edo eguraldi txarra dagoenean hobeto ikusteko sentsore infragorridunak eta beste metodo batzuk ere ikertzen ari dira. Garraio sistema adimendunaren egitasmorik handiena autobide automatizatua da: ibilgailuak bide laburretan lastertasun handian ibili ahal izango dira, autoko radarraz, ibilgailuaren kokapenaz, ibilgailuen arteko informazio konexioaz eta motorreko sentsoreez baliaturik (azken hauek azelerazio eta galgatze sistemetan eragiten dute). Merkataritzako ibilgailuak, kamioiak eta autobusak ere ITS teknologia hauetako batzuk erabiltzen ari dira. Erantzungailuen bidez, bidean doazela bidesariak ordaindu, baimen edo lizentziak lortu eta ohiko beste hainbat ekintza ere geratu gabe egiten dituzte. Sistema hauei guztiei esker, beraz, hainbat aurrerapen lor daiteke: auto iladak gutxitzea, ibilgailuek geratu eta berriro abiatzean isurtzen dituzten gai kutsagarriak urritzea, bidaiaren denbora murriztea, errepideen edukiera handitzea, eta bidaia seguruagoak egitea.