Garicoits Echeberry, Michel
Nafarroa Behereko apaiza eta santua (Donaixti-Ibarre, Nafarroa Beherea, 1797 - Bétharram, 1863). Baserrian hazi eta sorterrian hezi zen. Hamasei urte zituela hasi zen Donapaleuko apaiz baten etxean zerbitzari eta Baionara joan zen bi urte geroago. Aire-sur-Adour eta Akizeko apaizgaitegietan egin zituen apaiz eta teologia ikasketak. 1820. urtean bidali zuten Larresoroko apaizgaitegira eta 1823an apaiztu zen. Berehala Biarnoko Bétharrameko apaizgaitegira bidali zuten eta han ekin zion bere kristau obrari. 1835ean, Bihotz Sainduaren Apaizen Institutua izeneko taldea sortu zuen, eta arian-arian sendotuz joan zen Michel Garicoits-en inguruan ordena berria. 1856. urtean itsasoratu zen lehen talde betharramista Argentina aldera. 1863an hil zen Michel Garicoits eritasun luze baten ondoren. 1923an egin zuten dohatsu eta 1947an santu. Michel Garicoits santu euskalduna Garakotxea (Garaikoetxea) izeneko baserrian sortu zen; gaur egun egun Garikoitz modura zabaldu da Euskal Herrian haren omeneko izena.