García, Andy
Kubatar antzezlea (Habana, 1956). Bost urte zituela, familiarekin Miamira joan zen bizitzera, Fidel Castroren iraultzatik ihes. Kameren aurrean egin zuen lehenengo lana Hill Street-eko abesti tristea telebista sailean izan zen. Batez ere latino paperak jokatu ditu: droga trafikatzaile izan da Hiltzeko zortzi milioi era filmean, polizia zintzoa Kazetari baten deian, italiar harroa Ukiezinak filmean, lagun leiala Black Rainen eta Avila sargento ustelgaitza Kontu zikinak filmean. 1990ean, Francis Ford Copoolak Aitajauna III filmeko paper nagusietako bat jokatzeko deitu zuen. Film horretan egindako lanarengatik, Estatu Batuetako ikuslearen saria jaso zuen 1991n, eta Oscar sarirako izendatu zuten. Ondoren, beste bi filmetan parte hartu zuen: Jennifer 8, Bruce J. Robinsonen zuzendaritzapean, eta Ustekabeko heroia, Stephen Frearsen zuzendaritzapean. 1993ko azaroan, zuzendari gisa egindako lehen lana aurkeztu zuen: Cachao: haren erritmoak ez du berdinik, Israel López “Cachao” musikari kubatarrari buruzko dokumentala. 1994an, Meg Ryanekin batera, Gizonak emakumea maite duenean filmean parte hartu zuen, alkoholismoak jota dagoen emakume baten senar eramankorraren papera eginez.