Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

garapen

iz. Garatzea. v Biol. Izaki biziek beren bizitzan betetzen dituzten biologia aldien multzoa. || Organismo guztien biologia zikloetako bat da, ernalkuntzatik umekia heltzen den artekoa. Ezaugarri genetikoak (genotipo) sistema funtzional heldu (fenotipo) bihurtzen diren arteko aldaketek osatzen dute aldi hau. Organoak edo gorputz egiturak hazi egiten dira garapenean, baina kimika eta funtzionalismo aldaketak ere gertatzen dira haziera horrekin batera. Izaki bizien garapenean bi prozesu nagusi bereizten dira, izaki gehienetan batera gertatzen direnak: morfogenesia (organo sistemen egitura aldatzea, haztea), eta bereizkuntza (zelulek eta ehunek bakoitzari dagozkion biologia funtzio bereziak hartzea). Lau aldik osatzen dute izaki bizi gehienen garapena: ernalkuntza, zatiketa, gastrulazioa eta organogenesia. Azken bi aldietan gertatzen dira izaki bizien garapeneko desberdintasun gehienak, baina lehenengo biak nahikoa antzekoak dira organismo gehienetan. v Ekon. Ekonomiaren alor batek edo nazio bateko gizarteak, ondasunak ekoizteko eta gizarteak eskatzen dituen zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna handitzeko prozedura. Produzitzeko gaitasuna handitzearekin batera egitura aldaketak gertatzen dira herrialdean (politikan, ekonomian, psikologian, eta abarretan).