gametogenesi
iz. Biol. Izaki bizi batzuen gonadetan gertatzen den prozesua, ugalketa zelulak gameto bihurtzen dituena. Orokorrean, hiru aldi bereizten dira gametoen sorreran; lehenengo sexu zelulak ugaldu egiten dira mitosi bidez, eta espermatogonioak eta oogonioak sortzen dira. Gonioak hazi egiten dira eta lehen mailako espermatozito eta oozito bihurtzen dira. Orduan meiosia gertatzen da; oozitotik bigarren mailako oozito bat eta gero desagertu egiten den gorpuzki bat sortzen dira, eta espermatozitotik bigarren mailako bi espermatozito. Bigarren zatiketan espermatozito bakoitzak bi espermatida (gero espermatozoide bihurtzen direnak) eta oozitoak obulu bat ematen ditu. Espermatida bakoitzetik bi espermatozoide ateratzen dira, (espermatozitoko lau espermatozoide) eta oozitotik obulu bakarra. Hiru aldi nagusiak horiek badira ere, izaki bizi mota bakoitzean ezaugarri bereziak izaten dituzte, bai prozesuak eta baita obuluek eta espermatozoideek ere (neurrian, kopuruan, etab.)