galaxia
iz. Ortziko leku jakin batean dagoen izar multzoa. v Mendeetan zehar pentsatu izan da Donejakue bideaz (Lurra dagoen galaxia) beste galaxia sistemarik ez zegoela, eta Donejakue bidea baino urrutiagoko galaxia guztiak nebulosa itxura zutenez gero, beste gauzaki kosmikoen (izar hautsezko eta gasezko hodeiak, eta urrutitik ia bereizten ez diren izar multzoak) multzo berean sartzen ziren. Galaxiak nebulosa kiribildutzat hartu izan dira. Mota askotako galaxiak dira, neurriak eta kanpoko itxura kontuan hartuz gero. Galaxien diametroa milaka argi urtekoa izaten da (argi urte bat argiak 300.000 km/segundoko lastertasunean urtean egiten duen tartea da). Donejakue bidearen diametroa, adibidez, 100.000 argi urtekoa da. Multzo bereko galaxien arteko tartea 1.000.000/2.000.000 argi urtekoa da gutxi gorabehera, eta galaxia multzoen artekoa ehun aldiz handiagoa. Galaxia bakoitza ezin konta ahala izarrez osatua dago (109tik 1011ra izar galaxia sistema bakoitzeko). Ezagutzen diren galaxia gehienak bi sail nagusitan banatzen dira: espiralak eta eliptikoak. Galaxien % 70 espiralen motakoak dira, Donejakue bidea barne. Halakoak izarrezko espiral batez daude osatuak (50.000etik 150.000era argi urteko diametroa izaten duena), eta espiral horretatik irteten diren beso edo luzakin kiribilez. Beso horietan biltzen dira gasak eta hautsa, eta bertan gerta daiteke izarren sorrera. Galaxia eliptikoetan, berriz, izarrek banaketa simetrikoa dute, eta biribil edo elipsi bat eratzen dute. Multzo honetakoak dira bai ehunka mila argi urte neurtzen dituzten multzo handiak, eta baita izar milioika batzuk besterik ez dituztenak ere. Badira zenbait galaxia bi multzo horietakoak ez direnak edo irregularrak: SO galaxiak (espiral formakoak baina besorik gabeak), cD galaxia (galaxia batzuk elkar jo ondoren sortuak direla uste da), edo gune eragilea duten galaxiak.