frantses
izlag. eta iz. Sin. frantziar. Frantziakoa, frantziarra; Frantziako herritarra. || Frantziako hizkuntza ofiziala. || Frantses(-)belar. Abereen bazkarako lantzen den belar landarea, alpapa, luzerna. || Frantses(-)porru. Zainzuria. v Hizkl. Hizkuntza erromantzea Frantzian, Belgikan eta Suitzan hitz egiten dena; baita Kanadan (Quebec-en batez ere), New England-eko iparraldean, eta Frantziak iraganean aginpidea izan zuen beste lurralde askotan. Gaur egun hizkun_tza ofiziala da 25 herritan baino gehiagotan. Gaurko frantsesa IV. mendean Frantziako erdialdean hitz egin zen langue d´oil hizkuntzatik sortua da, eta hegoaldean hitz egiten zenarekin (langue d´oc, probentzala zabalduena) gertatu ez zen bezala, iparraldekoa ia Frantziako lurralde osora zabaldu zen. Biak latin arruntetik sortuak dira. Horiekin batera latinetikakoak ez ziren hizkuntza multzo txikiak geratu ziren: flandestarrak iparraldean, bretoiak mendebalean eta euskaldunak Piriniotan. Parisko dialektoan oinarria hartzen du gaurko frantses estandarrak, eta hizkuntza ofiziala izan da XVI. mendearen erdialdetik aurrera. Frantses fonetikak latinetik aldaketa ugari egin ditu, beste latin hizkuntzak egin dituzten aldaketak baino gehiago, eta gramatika ere latinaren ondoan soilagoa du. Hotsen aldaketen eraginez askotan izenen generoa mugatzailearen bidez bereizi behar da, eta aditzetan ere ahoskeraz berdindu egin dira pertsona eta numero ezaugarriak. v Frantses literatura. Antzinako frantseseko lehenengo idatzia Estrasburgoko zinegitearen erromantzezko bertsioa da (842). XII. mendean historia kronikak idatzi ziren batez ere; egitandien kantak, horietako zaharrena Chanson de Roland (1100), Ingalaterrako eskuizkribu batetik kopiatua. XIII. mendean frantses literatura lan garrantzitsuenak, normandiarren konkistaren ondorioz, Ingalaterran egin ziren, baina XIV. menderako Frantzian idatzi ziren berriro. Ahozko literatura bidezko epikak Erdi Aro osoan aurrera egin zuen (Roman de la rose). Antzerki zaharrenak liturgikoak izan ziren, eta lan horiez gainera, fabulak ere ugari idatzi ziren mende berean. XVI. mendea aberatsenetakoa izan zen literatura emaitzetan: Errenazimentu garaikoak dira F. Rabelais, P. de Ronsard eta M. de Montaigne. Antzerkian eta poesian Italiatik etorri ziren aldaketak eta berrikuntzak, eta prosan teologia, politika eta zientzia gaiak erabili ziren. F. de Malherbe, XVII. mendeko poeta eta teoriagile garrantzizkoa izan zen, eta hizkuntzaren dotoretasunaz arduratu zen. R. Descartes eta B. Pascal hitz lauzko saioengatik eta filosofia lanengatik dira ezagunak. Antzerkian, P. Corneille eta J. Racine Frantziako tragedia klasikoaren idazle nagusiak dira, eta Molièrek arrakasta handiko komediak idatzi zituen. Marie de La Fayettek lehenengo eleberria idatzi zuen, La Princesse de Clèves (1672). XVIII. mendean klasikotasuna alde batera utzi zuten aldaketa handiak izan ziren: Voltaireren tragediak, P. Beaumarchaisen komediak, eta poesia eta eleberri ugari, baina garai hartako literaturaren ezaugarri nabarmenena pentsamendu errazionalaren eragina izan zen (Voltaireren Filosofia eskutitzak, eta Dideroten entziklopedia lanak). Frantziako Iraultzak hala ere ez zituen literatura lanetarako aukera onak eskaini, eta idazleek ezkutuan idatzi zuten zenbaitetan (F.R. de Chateaubriand). Monarkia berriz indarrean jarri zenean askatasun handiagoa izan zuten idazleek; frantses erromantizismoaren garaia izan zen: poesian aipatzekoak dira A. de Lamartine, A. de Vigny, Victor Hugo, eta A. de Musset. Eleberriak ere gora egin zuen (Balzac, La Comédie humaine; Stendhalen eleberriak). Erromantizismoaren ondoren parnasianismoaren garaia iritsi zen, eta teknika zehatzagoak erabiltzen hasi ziren (T. de Gautier, poesian). XIX. mendean errealismoa nagusitu zen, eta Emile Zolak naturalismoa sortu zuen (Guy de Maupassanten kontakizun laburrak ere eskola horretakoak ziren). Poesian, Baudelairek sinbolismoari bidea zabaldu zion (S. Mallarmé ere talde bereko poeta zen), eta A. Rimbaud poesia modernoaren aitzindaria izan zen. XX. mendeko eleberri garrantzitsuenak M. Prousten A la recherche du temps perdu (1914-1927), eta A. Gideren Les faux-Monnayeurs izan dira, besteren artean. Baina eleberriaren garai emankorrena 1940. urteaz geroztikoa da: S. de Beauvoir, A. Camus, eta J.P. Sartre. Antzerki lanetan: S. Becketten berrikuntzak, J. Geneten antzerki antisoziala eta antinaturalista, eta E. Ionescoren antzerki “garbia” dira nabarmentzekoak.