Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Franche-Comté

Antzinako probintzia frantsesa, gaurko Haute-Saône, Doubs eta Jura ia osoa hartzen zituena.  v  Historia. Antzinako probintzia horrek Jura Erdialdea eta Haute-Saône hartzen zituen. Dole izan zen lehendabiziko hiriburua, eta ondoren Besançon. Erromatarrek sekuandarrak aurkitu zituzten bertan eta Maxima Sequanorum deitu zioten lurraldeari. Burgundiarren eta, geroago, karolingiarren mendean egon ondoren Proventzako erresumak bereganatu zuen, Burgundiakoak ondoren eta Inperioak azkenik, 1169. urtean. XIV. mendea arte ez zen Franche-Comté deitu. Frantziaren, Burgundiako dukearen eta Flandesko Margaritaren esku egon zen, hurrenez hurren; atzera Burgundiarren eskutara itzuli zen, eta, Burgundiako Margaritaren bitartez Inperioaren eta Espainiako habsburgotarrenetara azkenik. Burgundiako markeserrian (1548) kokatua zegoenez, aparteko garrantzia izan zuen Espainiaren eta Herbeheren arteko komunikabideetan; hori dela eta nolabaiteko autonomia eta irabazi handiak izan zituen. Frantziako Henrike IV.aren eta Luis XIII.aren erasoak pairatu zituen; Luis XIV.ak, Maria Teresaren izenean, zituen eskubideak aldarrikatu eta lurraldea beretu zuen; Aachengo itunak itzultzera behartu zuen, baina Nimegako itunaren bidez (1678) haren jabe egin zen azkenik.