Fourier, Charles
Frantses filosofo eta ekonomialaria (Besançon, 1772 - Paris, 1837). Merkatari aberats baten semea zen, eta ondare guztiak espekulazioaren ondorioz galdu zituen (1793). Ondoren Lyongo enpresa bateko enplegatu eta kutxazain izan zen, Parisen eta Besançonen argitara eman zituen obren bidez ekonomia eta gizartea eraberritzen saiatu aurretik (Traité de l’association domestique et agricole, 1822 eta Le nouveau monde industriel et sociétaire, 1829). Le Phalanstère astekaria sortu zuen. Gizarte industrial burgesari egin zizkion kritikak, baina era berean baita Owenen teoriei eta Saint-Simonismoari ere. Berak proposatu zuen gizarte sozietarioak falansterio delakoa du oinarritzat, kooperatiba moduko batean elkartzen diren langile talde txikia, alegia. Antolamendu horrek munduaren harmonia ekarriko duela zioen Fourier-ek. Asmo utopiko hori ez zen bete, Fourier horretan saiatu bazen ere, baina jarraitzaileak izan zituen.