Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fouquet

edo Foucquet, Jean. Margolari eta miniaturagile frantsesa (Tours, 1420 inguruan - 477-1481 bitartean). Dirudienez, Parisen ikasi zuen eta bere miniaturen estiloak adierazten duenez, Limburgeko eskuizkribuak ezagutzen zituen. Karlos VII.aren erretratua egin zuen Italiara joan aurretik. Eugenio IV.aren erretratua ere egin zuen (galdua). Albertik ikuspuntuaz egin zituen ikerketak ikasi zituen, eta Filareterekin lan eginez, Italiako arkitektura eta apainketa ereduak ikasi zituen. Toursera itzulirik, Karlos VII.arentzat eta Etienne Chevalierentzat aritu zen lanean, eta ondoren Luis XI.aren pintore ofiziala izan zen (1474). Haren obratatik oso gutxi geratu dira. Obrarik inportanteenak Boccaccioren obraren frantsesezko itzulpen baterako egin zituen; ikuspuntuaren baliabideak miniatura berberean erabili zituen. Bera da XV. mendeko Frantziako pintorerik garrantzitsuena. Bere obren artean aipatzekoak dira: Boccaccio, Heures d’Étienne Chevalier (1450-1480), Grandes Chroniques de France eta batez ere Antiquités judaïques (1467-1476).