fotosintesi
iz. Biokim. Landare berdeek gluzidoak osatzeko egiten duten prozesua, anhidrido karbonikoa eta ura hartuz eta oxigenoa kanporatuz. Fotosintesian ematen diren erreakzioak oso konplexuak badira ere, honela labur daitezke:
6 CO2 + 6 H2O + argiaren energia ’ C6H12O6 + 6 O2Karbono dioxidoa + ura + argi. ener. ’ klorofila + ura Erreakzio hori ikusita, fotosintesia errekuntzaren aurkako prozesutzat jo daiteke. Hostoak dira fotosintesirako egokituta dauden organoak. Landareen hostoetan dauden kloroplastoetan gertatzen da batez ere, han baitago klorofila, erreakzioa egiteko energia ematen duen argiaren eraginpean (erreakzio fotokimikoak). Fotosintesia oso garrantzitsua da sortzen diren elikagaiengatik eta askatzen den oxigenoagatik. Eguratseko ia oxigeno guztia fotosintesitik dator, eta erdia baino gehiago itsasoko algek eta beste landare batzuek sortua da. Beraz landare berdeak dira argiaren energia energia kimiko bihurtzeko bide garrantzitsuena. Landare berderik ez balitz ezinezkoa litzateke bizitza Lurrean, gizonaren eta animalien janari guztiak landareetatik baitatoz. Bestalde, erregai guztiak (petrolioa, ikatza, gas naturala…) fotosintesiaren bidez antzina eratu ziren gai organikoetatik osatuak dira. Fotosintesi prozesuan bi aldi bereiz daitezke: 1) Aldi argitsua. Kloroplastoen laguntzaz eguzki izpien energia ur molekulak hautsi eta oxigenoa askatzeko erabiltzen da (fotolisia), eta aldi berean, fosforilazioaren bidez, Eguzkiaren argiaren energia jaso eta energia kimiko gisa gordetzeko gai diren molekula batzuk eratzen dira (ATPa adibidez). 2) Aldi iluna. Ez du argi beharrik; hori ere kloroplastoetan egiten da. Jasotako anhidrido karbonikoa erreduzitu egiten da, sintesi bidez molekula handiagoak eratuz (gluzidoak) eta ura askatuz. Sintesi horretarako behar den energia aldi argitsuan eratu diren molekulek ematen dute. Fotosintesian eratzen diren lehen gluzidoak glukosa eta antzeko karbonohidrato xumeak dira; landareak berehala eratzen ditu almidoiak eta koipeak, eta azkenik, nitrogenoa, fosforoa eta sufrea gehituz, proteinarik konplexuenak. Fotosintesia egiten duten bakterioak ere badira.