fisiologia
iz. Biol. Organoak eta beraien eginkizunak aztertzen dituen biologiaren adarra. Azterketa hori organismo osoari dagokiola edo sistema, aparatu, organo, ehun eta zelulari dagokiola egiten du fisiologiak. Fisiologiaren barruan lau sail nagusi bereiz daitezke: fisiologia orokorra, izaki bizidun guztiek dituzten tasun berdinak aztertzen dituena; fisiologia konparatua, animalien erreinuko izaki desberdinen arteko antzak eta aldeak bilatu eta ikertzen dituena; landareen fisiologia, landareetan gertatzen diren bizitza gertariak aztertzen dituena; fisiologia aplikatua, izaki bizi bakoitzaren gaitasun funtzionalak bere jardueraren arabera aztertzen dituena. Fisiologiaren aitzindaria Galeno izen zen; “gorputzeko zatien erabilpenaren ezagutza” gisa definitu zuen fisiologia. Baina definizio hori ez zen oso zehatza, eta XIX. mendean, Lavoisier-en saioak abiapuntutzat hartuz, eta beste fisiologo ospetsu askoren bultzadaz (Flourens, Claude Bernard, Du Bois-Reymond…) fisiologia modernoak lehen pausoak eman zituen eta hainbat adarretan banatu zen. Gaur egun oso tresneria berezia erabiltzen dute fisiologoek, eta geroz eta adar gehiago sortzen ari dira fisiologiaren barruan.