Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

FIS

(Fr. Front Islamique du Salut; Eusk., “Salbaziorako Islamiar Frontea”). Aljeriako alderdi politikoa, 1992. urteaz geroztik Aljeriako gobernuak legez kontrakotzat deklaratua. Aljeriako erregimenaren aurkari nagusia XX. mendearen azkeneko urteetan. Alderdia indartuz joan zen hauteskundez hauteskunde, baina bere azken garaipenaren bezperan Aljeriako egitura demokratikotik kanpo utzi zuten. Harrezkero FISek armen indarrez egin zion aurre Aljeriako gobernuari, hark aginpidea indarrez beretu zuelakoan. ■ 1989 eta 1990. urteetan manifestazio handiak egin ziren sharia legearen eta arabiar ohituren arabera gobernatutako gizarte baten alde. FISek bere onerako baliatu zuen 1988ko urrian Aljerreko gazteek egin zuten matxinada, gerora Oran, Mostagenem, Blida eta beste hiri eta leku batzuetara hedatua. ■ FIS 1989ko martxoan sortu zen eta urte bereko irailean legeztatu zuten. 1990eko hauteskundeetan hartu zuen parte lehen aldiz eta gobernuko alderdiari alde handia kenduz irabazi zituen hauteskunde haiek: FISek botoen % 65 jaso zituen eta FLNek (Front de libération nationale; Aljeriaren Askapenerako Frontea) % 28. FISek eskualde guztien erdietan lortu zuen gehiengoa, baita hiri nagusi gehienetan ere. Salbuespen bakarrak Kabilia eta Sahara aldea izan ziren. Hauteskunde zuzenak izan ziren, baina oposizioko alderdi handiek boikota egin zuten. FISek ummak balira bezala gobernatu zituen eskualdeak, eta ez zituen aintzat hartu pertsona banakoen eskubideak. FISentzat demokrazia Mendebaldeko herrialdeen kontua zen. Handik gutxira alderdia bi zati egin zen: demokrazia eta hauteskundeak aldezten zituztenak, batetik, eta "afganiarrak", bestetik, Afganistanen sobietarren aurka borrokatu ziren soldadu ohiak, alegia. Alderdia Majlisu sh-Shura izeneko batzordeak kontrolatzen zuen; 35 bat kidez osatua zen, eta haren barruan ere bi alde bereizten ziren: salafiak eta jaza'ir-ak. Salafien iritzian, Koranaren irakaspenetara egokitu behar da gizartea, eta Jaza'ir-en iritzian, berriz, Korana egokitu behar zaio gaur egungo bizimodu eta kulturera. 1991n jaza'ir-ak nagusitu ziren eta FIS hauteskundeetarako prestatzen hasi zen. FISek, bestalde, bere langile mugimendua zeukan, eta grebak bultzatzeko erabili zuen: 1992ko ekainekoa, esate baterako. Buruzagi nagusiak Ali Belhadj (salafia, unibertsitateko irakaslea), Abassi Madani (salafia, psikologia irakaslea), eta Abdelkader Hachani (jaza'ir, ingeniaria) ziren. Ali Belhadj eta Abassi Madani atxilo hartu zituzten, Aljeriako buruzagiek Abdelkader Hachani –moderatuagoa– nahi baitzuten buruzagitzan. Hachanik gidatu zuen hautesle errolda, eta leku nagusietan jarri zituen bere zaleak. Hala ere, alderdiko kide batzuek ez zuten hauteskundeetan parte hartu nahi izan Ali Belhadj eta Abssi Madani buruzagiak kartzelan zeuden bitartean. Azaroaren 28an hiru polizia hil ziren "afganiarren" atentatu batean. FISek bere buruzagiak aska zitzatela eskatu zuen, baina bertan behera utzi zuen eskaria hauteskundeak baino bi aste lehenago. Hauteskundeen lehen txandan Aljeriako Legebiltzarreko 429 aulkietatik 188 eskuratu zituen. FLNk 15 besterik ez, FFS (Front de forces socialistes) sozialistak berak (25) baino gutxiago. Boto kopuruan, baina, aldea ez zen hain handia: FLNren boto kopurua halako bi baizik ez zuen eskuratu FISek. Hauteskundeen ondoren, gobernuaren ekintza gogorrak eragin zitzakeen beldur zen FIS. RCD (Rassamblement pour la culture et la démocratie) alderdiko buruzagiak, espero baino askoz boto gutxiago jaso zituenak, hauteskundeen bigarren txanda bertan behera uztea eskatu zuen. FLNko Lehen Ministro ohia, baina, Mouloud Hamrouche, ez zetorren bat eskari harekin. Arazoa "demokrazia" zen: Aljeriak demokraziaren bidea hartuko zuen FISen gobernupean? Bertan behera utz zitezkeen hauteskundeak demokrazia arriskuan jarri gabe? Estatu nagusiak berehala erantzun zuen: Cahdly lehendakariak kargua utzi behar izan zuen eta FIS legez kontrako deklaratu zuten. 1992. urteaz geroztik Aljeriako egoera gerra zibilaren geroz eta antz handiagoa hartzen ari da. FISen talde militarrak (AIS) indar handia hartu du alderdiaren barruan. Hala ere, elkarrizketak izan dira FISeko buruzagi atxilotuen eta gobernuaren artean, batez ere Aljeriako buruzagiak –GIAren ekintzengatik arduraturik– FIS bi etsaietan txikiena dela ohartu direnez geroztik. 1996ko azaroko hauteskundeen ondoren, Aljeriako konstituzio berriak bere burua erlijioaren eta etniaren arabera definitzen duten alderdiak debekatu ditu. ik. islamismo.