Filae
(Egiptoeraz, P-aaleq «muga»; Gr. Philae; Ar. Jazirat Filah) Niloko uharte txikia, Asuanen hegoaldetik 8 kilometrora. Uharte santua zen, Isis jainkosaren lurra; berandukoak dira bertako eraikuntzak. Zaharrena Nektanebo II.aren tenplu txikia da. Tenplu nagusia Isis jainkosarena da, Nektanebo II.ak egina. Uholdeek hondatu zuten zati bat, eta Ptolomeo II.ak eta Ptolomeo XIII.ak konpondu zuten. Monumentu horrek garrantzi handia du, behe-erliebeengatik eta hormetan eta zutabeetan grabaturik dituen testuengatik. Iparraldean Horusen tenplua dago, ekialdean Hathor-en tenplu txikia Ptolomeo VI.ak eraikia, eta hego-ekialdean Trajanoren kioskoa. Luzaro Filae kristautasunaren hedakuntzaren kontrako bilgune izan zen, eta V. mendea arte erromes paganoak joan ohi ziren bisitari. Asuango urtegia egin zenean, urtean hamar hilabetez ur azpian geratzen ziren tenpluak. UNESCOk bultzaturik ordea, tenplu horiek ondoan zegoen Agikia uhartera eraman zituzten1972-1980 bitartean.