Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Filadelfia

(Ing. Philadelphia) Estatu Batuetako ipar-ekialdeko hiria, Pennsylvaniako estatuan, Delaware eta Schuylkill ibaien lotunean. 1.688.210 biztanle (% 25ak, beltzak). 3.682.709 biztanleko hirialdea osatzen du inguruan dituen hiriekin (1980. Burlington, Pennsylvanian, eta Camden, New Jerseyn). Industria ugari (metalak, ehunak, kimika, jakiak). Estatu Batuetako hirugarren portua da (72.910.000 tona 1979an). Irakaskuntza erakunde (Penssylvaniako Unibertsitatea, Temple University, etab.) eta kultura zentro (Arte Ederretako Akademia, museoak) ugari. Artzapezpikutegia. Hiria ospetsua da Estatu Batuetan bere parte zaharragatik eta monumentuengatik, XVIII. mendeko oparotasunaren erakusgarri. Azkenaldi honetan konpondu dituzte, hiria eraberritzeko ahaleginetan, okerren zeuden auzoak, gehienbat beltzak bizi zirenak.  v  Historia. William Penn quaker buruzagiak sortu zuen 1682. urtean. XVIII. mendean Ipar Ameriketako hiri oparoenetakoa zen eta koloniako bizitza intelektualeko hiriburu. Filadelfian egin zituzten kolono independentziazaleek batzarrak 1774 eta 1775. urteetan eta bertan izenpetu zuten Independentziako agiria (1776). Estatu Batuetako hiriburua izan zen 1790-1800 bitartean, baina XIX. mendean Boston eta New Yorkeko hiriek gaina hartu zioten.