Fiji
(Izen ofiziala, Fiji Uharteetako Errepublika Burujabe Demokratikoa; Fijieraz, Matanitu ko Viti). Ozeano Bareko hego-mendebaldeko uhartedia eta estatu burujabea, Melanesian, Zeelanda Berritik 1.800 km iparraldera. 18.200 km2 eta 905.949 biztanle (2006, fijiarrak). Uharte nagusiak: Viti Levu, Vanua Levu, Yavenui eta Kandavu. Hiriburua: Suva (Viti Levu uhartean; 160.000 biztanle). Hiri nagusiak: Lautoka, Lami eta Nadi. Gizatalde nagusiak: fijiarrak (% 49,1), indiarrak (% 45,9), europarrak. Erlijioak: kristauak (% 53, gehienak metodistak), hinduistak (% 38), musulmanak (% 8). Hizkuntza ofiziala: ingelesa (fijiera eta hindustanera ere erabiltzen dira). Dirua: Fiji uharteetako dolarra. ■ Geografia. Fijiko uharte gehienak menditsuak dira (1.000 m-tik gorako mendiak daude). Handienak sumendi uharteak dira eta koral atoloiak, berriz, txikiak. Uharte handienek, Viti Levu eta Venua Levu, hartzen dute lurraldearen % 90. Guztira 300 bat uharte dira, eta horietako 100 batean bizi da jendea. Lurrak oso emankorrak dira, eta klima tropikal euritsua dute. Zikloi indartsuek eraso ohi dute sarritan. ■ Biztanleak. Gaur egun fijiar jatorriko biztanleak dira biztanle guztien erdia, gutxi gorabehera, baina 1987ko militarren estatu kolpea baino lehen, langile indostandarren ondorengoak ziren gehienak, Indiatik britainiarrek azukre kanaberako landetan lanera eramanak; estatu kolpeaz gero ordea, indiar askok ihes egin behar izan zuen Fijitik. Erlijioari dagokionez, fijiar gehienak kristauak dira, eta indiarrak, berriz, hinduistak. ■ Ekonomia. Fijik baliabide aberatsak ditu basoetan, lurpeko gaietan eta itsasokoetan, eta Ozeano Bareko uharteetan aurreratuenetakoa da ekonomiaren ikuspegitik. Dena dela, oraindik ere beren beharrak asetzera bideraturiko nekazaritzan dihardute biztanle gehienek (arroza, artoa, kokoa, banana, manioka). Diru iturri nagusiak azukrearen esportazioa eta turismoa dira (350.000 bat bisitari urtean, Australia, Zeelanda Berri eta Ipar Ameriketatik joanak gehienak); kokoa eta haren eratorriak ere esportatzen ditu, eta aipagarria da urrearen esportazioa ere. Industria aipagarrienak azukrearen eta nekazaritzako gaien langintzarekin dute zerikusia. Dena dela, bertako diru iturri nagusiak kanpo eragileen mende daude, adibidez egoera politiko nahasiaren, lehorteen eta merkatuko prezioen mende, eta langile askok emigratu ohi du kanpora. 1997az gero gainbehera etorri da bertako hazkundea, azukrearen prezioaren jaitsieraren eraginez, eta nekazarien eta lurjabeen arteko gorabeheren eraginez. 1998ko lehorteak, bestalde, kalte handiak eragin zituen azukrearen industrian. ■ Administrazioa eta gobernua. Fiji Commonwealtheko estatu burujabea da, eta horrenbestez, Britainia Handiko erregina da estatuburua. 1990ean konstituzio berria osatu zen, Fijiren kontrola bertako agintarien esku gera zedin, baina indiarren ordezkaritza ziurtatuz eta bazterketarik gabe; gaur egun lehendakariaren eta legebiltzarraren esku dago aginpide betearazlea. Legebiltzarrean fijiar jatorriko ordezkariak dira nagusi gaur egun, baina 1997an beste etnia batzuen ordezkaritza ziurtatzeko gutxieneko neurri batzuk hartu ziren. v Orografia eta klima. Uharte handienek jatorri bolkanikoa dute eta menditsuak dira. Mendialdeen inguruan zabaltzen dira eramakinez eta koralez osatutako aldeak. Klima tropikal hezea da eta maiz jotzen dute zikloiek. v Ekonomia. Oinarrizko nekazaritzaz gainera (arroza, artoa, taroa, ñamea, manioka), azukre kainabera da nagusi. Hauxe du esportazio gai nagusia. Kokoa, kakaoa eta banana ere esportatzen ditu. Nekazaritzako gaien eraldaketako industria da zabalena (tabakoa, Suva). Porlana. Urrea dago Viti Levu uhartean. Turismoa. Itsas eta airezko komunikabide eta garraiogune garrantzitsua da Fidji. v Historia. Arkeologia aurkikuntzen arabera, herri malaio-polinesiarrak bizi ziren Fijin K.a. 2000 urtean. Abel Tasman holandarrak aurkitu zuen uhartediko zati bat 1643an eta ondoren J. Cook (1774), W. Bligh (1789), Dumont d’Urville (1827) heldu ziren bertara. 1835ean heldu ziren lehen misiolari kristauak. Alemaniarrak eta amerikarrak bertatik bota ondoren, britainiarrek berentzat hartu zituzten Fiji uharteak 1874. urtean, eta kolonia bihurtu zituzten, nolabaiteko autonomia emanez. 1970ean askatasuna eskuratu zuten, Commonwealth delakoaren barruan. 1987an, Sitiveni Rabukak emandako kolpearen ondoren, errepublika bihurtu zen. Sitiveni Rabukak behin-behineko gobernu militarra osatu zuen, eta 1992ko hauteskundeetan Lehen Ministro izendatu zuten. 1994an berriro hautatu zuten Rabuka. 1999ko hauteskundeetan, ordea, langileen koalizioko ordezkaria, Mahendra Chaudhry sindikalista atera zen irabazle, baina, 2000. urtean, George Speight buruzagi nazionalistak estatu kolpea jo eta boteretik atera zuen Chaundhry. Beste estatu kolpe batek demokrazia ezarri zuen, berriz, eta Laisenia Qarase izendatu zuten Lehen Ministro. 2006an, Bainimarama komodoroak estatu kolpea jo zuen Qaraseren kontra, eta bere burua izendatu zuen lehendakari. 2007an, egoera zertxobait baretu zen, Bainimaramak Josefa Iloilo izendatu baitzuen lehendakari, eta Iloilok, berriz, Bainimarama izendatu zuen berehala Lehen Ministro.
http://www.fiji.gov.fj/