Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

fenol

iz. Kim. Bentzenoaren eratorri monohidroxilatua (C6H5OH). Rungek bakartu zuen 1834an, harrikatzaren alkaternatik. Fenola 43° C-tan urtzen den kristal erako solido koloregabea da. Airearen eraginez gorrixka bihurtzen da. Uretan erraz urtzen da; 80° C-z goitik urarekin edozein proportziotan nahasten da. Erregarria eta oso pozoitsua da. Oso usain sarkorra du. Fenolen tasun orokor guztiak ditu, eta kolore emaile askoren sintesian, eta sendagaiak (aspirinak adibidez), azido pikrikoa, plastikoa eta bakelita erretxinak prestatzeko erabiltzen da. Bere disoluzioak antiseptiko gisa erabiltzen dira. Disolbagarri gisa ere erabiltzen da olioak fintzeko.  v  Fenolak. Nukleo aromatikoa duten eratorri hidroxilatuei ematen zaien genero izena. Nukleoko H baten ordez OH erroa jarriz eratzen dira. Solidoak edo isurkariak dira, baina fenol arrunta baino nekezago urtzen dira uretan. Alkoholen tankerako tasunak dituzte baina haiek baino azidoagoak dira, nahiz eta azido ahulak izan, eta, horren ondorioz, base ez-organikoekin erreakzionatzen dute gatzak eratzeko. Fenolak katalisiz hidrogenatu egiten dira, eta ziklohexanolak eta ziklohexanonak eratzen dituzte horrela. Fenolak era askotakoak izan daitezke: monofenolak (fenol arrunta, kresolak, xilolal, timola, naftolak…), difenolak (pirokatekina, resortzina, hidrokinona), eta trifenolak (pirogalol, florogluzina, hidroxihidrokinona).