felogeno
iz. Bot. Kotiledoi biko landareen zain eta zurtoinen epidermisean, eta azala baino barrurago, sortzen den meristema zelulez osatutako bigarren geruza. Geruza hori osatzen duten zelulak gazteak dira eta ugaltzeko gaitasuna dute. Horiei esker loditzen da landarea. Landare baten lodiera oso handia izan daitekeenez, eta zelulen neurria mugatua denez, beharrezkoa da zelula berriak etengabe agertzea. Horretarako felogenoa osatzen duten meristema zelulak ugaldu egiten dira, eta zelula bat kanporako eta beste bat barrurako sortzen da. Zelula berri horiek berehala galtzen dute ugaltzeko gaitasuna. Kanporako eratzen diren zelulek kortxo geruza mehe bat ematen dute, eta barrurako eratzen direnak egur geruza lodiagoa. Urtero egur geruza berri bat eratzen da, lodiera desberdinekoa; udazkenean eratutako geruza udaberrian eratzen dena baino meheagoa, trinkoagoa eta ilunagoa izan ohi da. Zuhaitz bat mozten denean ebaketan zirkunferentzia zentrokide batzuk ikusten dira; horietan ilunenak udazkeneko zur geruzari dagozkionak dira. Era horretara, eraztunak zenbatuz zuhaitzaren adina jakin daiteke.