feminismo
iz. Emakumearen eta gizonaren eskubide berdintasunaren alde egiten duen doktrina. v Mugimendu feminista XVIII. mendean sortu eta XIX. mendean hedatu zen. Hasieran garrantzi berezia hartu zuten emakumearen botoaren aldeko mugimenduek, mugimendu sufragista deituak, batez ere Estatu Batuetan eta Britainia Handian XIX. mendearen azkenean eta XX.aren hasieran. Botoa emateko eskubidea herrialde gehienetan eskuratu zenetik, mugimendu feministek gizartearen antolakuntza gizonaren esku dagoen gizarte “sexistari” egin nahi diote aurre. Frantziako Iraultzaz gero eskuratutako eskubide urriak kenduta, XIX. mendea arte ez zuten emakumeek ondasunik eduki eta oinordekotzarako, botoa emateko, kargu publikoetan aritzeko, eta seme-alaben gaineko eskubide gutxi edo batere ez zuten. Helburu horiek lortzeko industrializazioak zerikusi handia izan zuen, emakumeak etxea utzi eta lantegietara joaten hasi baitzen, edozein lan egiteko gauza zela erakutsiz. Denbora batez ez aurrera ez atzera egon ondoren, 1960 ondorengo urteetan indar handiz berpiztu zen joera hori. Mugimendu feminista eragingarrienek (Mouvement pour la liberation de la femme, Frantzian; Young Socialist Alliance, AEBetan, etab.) gizonarekiko berdintasun ekonomiko-politikoa eskatzeaz gainera, berdintasuna gauzatu dadin galerazten duten egitura sozialen aurkako borrokaren aldeko deia egiten zuten. v Frantziako emakumeak izan ziren, iraultzaren garaian, emakumeek ordu arte izandako egoerari aurre egin zioten lehendabizikoak. 1946an botoa emateko eskubidea lortu zuten. Estatu Batuetako Konstituzioak emakume eta gizonezkoentzako boto berdintasuna 1920an onartu zuen; Britaina Handian 1929an, eta Alemanian Lehen Mundu Gerra amaitzean; Italian Bigarren Mundu Gerraren ondoren eskuratu zen, eta Espainian 1931. urtean, Errepublikaren garaian. v Euskal Herrian emakumearen egoera gizonezkoarenarekin berdintzeko lehendabiziko saioak XX. mende hasierako Bilboko higikunde sozialistaren baitan gertatu ziren. Borroka teorian baino ekintzetan gauzatu zen. Mende hasierako greba askotan emakumeek garrantzi berezia izan zuten —Irungo emakume poxpologileak (1903); Bilboko esnezaleak (1903); Barakaldoko etxekoandreak (1905)—. Lehen Mundu Gerraz gero, Irakasle Eskolak emakumeentzat ireki zirenean egin zuen emakumeak sarrera bizitza publikoan. Kultura munduan lekua hartu zuen: Maria de Maeztu pedagogoa, Euskaltzaindiako urgazleak, etab. 1926an Primo de Riverak emakumezko zinegotziak onartu zituen (Irun, Bilbao, etab.). Espainiako Errepublikako Konstituzioak onartuta, euskal emakumeak 1933ko azaroaren 5eko Euskal Autonomi Estatuturako hauteskundeetan eman ahal izan zuen botoa lehendabizikoz. Frankismoa heltzean guztiz desagertu zen higikunde feminista eta Europako beste leku askotan bezala 1968ko udaberrian piztu zen berriro. Urte horretan eratu ziren lehenbiziko elkarte feministak ezkutuan, ezkerreko gazte taldeekin lotuak. Gaur egun talde feminista bat baino gehiago dago Euskal Herrian; euskal gobernuak ere sortu du arazo horretarako sail berezi bat, Emakunde izenekoa.