Frederiko IIa
Germaniar enperadorea 1212-1250 bitarteko urteetan (Iesi, Ankonako Marka, 1194 - Fiorentino Gaztelua, Puglia, 1250). Henrike VI.a enperadorearen eta Siziliako Konstantzaren semea zen. Siziliako errege izan zen (1197) eta ondoren, Brunswick-eko Otonen kontra, Inozentzio III.ak enperadore izendatu zuen (1227). Aita Santuarekin hitzarmena egin zuen eta gurutzada antolatzeko hitza eman arren Italian luzamendutan ibili zen, eta Honorio III.ak eskumikatu egin zuen (1227). Hala ere, seigarren gurutzada egin zuen, diplomatiko gisa, ordea: Egiptoko sultanaren eskutik, Jerusalem, Belen eta Nazaret, eskuratu zituen, eta Jerusalemgo errege koroa beretzat hartu zuen. Frederiko Italiako arazoez kezkatuago zegoen Alemaniakoez baino, eta Aita Santuaren kontra aritu zen etengabe; hark Lonbardiako bigarren Liga eratu zuen. Gurutzadatik itzultzean, matxinada bat zapaldu behar izan zuen Italian (1230) eta Gregorio IX.ari San Germanoko bakea sinarazi zion. 1235ean Alemanian erromatarren errege koroarazi zuen bere seme Henrike VII.aren matxinada zapaldu zuen, preso hartu zuen eta Konrado (IV.a) beste semeari eman zion inperioa. Italian Lonbardiako hiriak Cortenuovan menderatu zituen (1237), eta berriro eskumikatu zuen Aita Santuak. 1241ean, bera kondenatu behar zuten kardinalak atxilotu zituen eta Inozentzio IV.ak erregetza kendu zion Lyongo kontzilioan (1245). Hil arte ez zuen bakerik egin Aita Santuarekin, eta hark beste enperadore bat, Holandako Gilen, izendatu zuen bere ordez. Politika bikoitza eraman zuen beti: Alemanian feudalismoa bultzatu zuen, Elizari, printzeei, jaunei eta hiriei mesedeak eta eskubide bereziak eman zizkien; hala, anarkia bultzatu eta enperadoretzaren gainbehera ekarri zuen. Italian, bere aginpidea ezartzen saiatu zen, Melfiko Konstituzioen bidez (1231), eta erregetza absolutua ezarri zuen. Nekazaritza bultzatuz, eta kolonoak ekarriz, bere mendekoen bizitza hobetzen saiatu zen; barneko aduanak kendu zituen eta merkataritza sustatu eta erregearen lurraldeetako zergak kendu zituen. Finantzen antolakuntza oso eraginkorra izan zen, eta Palermoko gortean jakitun greko, arabiar, italiar eta juduak bildu zituen. Bera ere ikasia zen, eta hizkuntza askotan mintzatzen zen. Letrak eta arteak bultzatu zituen, eta Aristoteles, Ibn Rusd, Ptolomeo, Galenoren obrak latinera itzularazi, Padua, Bolonia eta Salernoko ikasketak bultzatu, eta Napoliko Unibertsitatea sortu zuen (1224). Frederiko II.a nortasun handikoa izan zen, berritzailea eta irekia (arabiarren ohitura batzuk hartu zituen); ez zen, ordea, gauza izan Alemania osorik bere mende edukitzeko. Haren heriotzak aro oso baten amaia ekarri zuen, Alemaniako eta Italiako aginpide inperialarena, alegia, eta bide batez Hohenstaufen familiarena.