Frederiko Ia Bizar-Gorri
Germaniar enperadorea 1152-1190 bitarteko urteetan (Waiblingen, 1122 - Selef ibaian, Zilizia, Asia Txikia, 1190). Hohenstaufen familiakoa, Konrado III.aren iloba eta jarraitzailea zen; Henrike Lehoiarekin hitzarturik hari Bavaria itzuli zion (1155), baina hura indar gehiegi hartzen ari zela eta, berriro Bavaria (Wittelsbach-eko Otoni emanez) eta Saxonia kendu zizkion (1181). Aita Santuarekin harreman onak izan zituen (Adriano IV.ak deiturik, Bresciako Arnaldo bota zuen Erromatik), Frederikok Aita Santuari lehenago zuen lehentasuna itzuli zion eta Italiako iparraldea beretzat gorde nahirik, Alexandro III.ak bultzatutako Lonbardiako ligari aurre egin behar izan zion. Alexandro III.aren kontra Biktor IV.a Aita Santu aizuna ezarri nahi izan zuen (1160). Milanen enperadoretza kendu zioten (1162), Frederiko Legnanon menderatua izan zen (1176), Veneziako bakea izenpetu (1177) eta Konstantzako bakean Lonbardiako hirien askatasuna onartu zuen. Italiako iparraldean izan zuen hondamendi horren ordainetan, Henrike VI.a enperadorearen alaba Konstantzarekin ezkondu zen, eta Sizilia Bietako oinordekotza eskuratu zuen (1186). Hirugarren Gurutzadako (1189) buruzagietako bat izan zen, baina garaipen batzuk lortu ondoren Selef ibaian (antzinako Zydnus) ito zen. Heriotza tragiko horrek enperadorearen ospea edertu besterik ez zuen egin. Turingiako mendi batean lo zegoela zihoen elezaharrak, berriro Alemaniari bere handitasuna itzultzera etortzeko.