farmakologia
iz. Med. Drogek animalia bizietan duten eragina aztergai duen medikuntzaren alorra. Egipton eta Alexandrian egin ziren gai horren inguruko zenbait lan, baina Dioskorideren lana (medikuntzan erabiltzen ziren sendabelarren bilduma) izan zen farmakologiaren oinarri nagusia. XVIII. mendeko kimika eta medikuntza ikerketen bidez finkatu zen zientzia gisa. XIX. mendean sendagai berri asko aurkitu ziren (morfina, estriknina, kinina, etab.) eta indar handia hartu zuen horiei esker farmakologiak. Lotura handia du beste alor batzuekin, batez ere biokimikarekin eta fisiologiarekin. Farmakologiaren baitan egiten diren ikerketen artean drogen eragina, drogak sendagai gisa erabiltzea, eta drogek ekarri ohi dituzten ondorioak daude.