Ezpeleta, Jeronimo
(«Javier de Beire» deitua) Nafarroako misiolaria eta artzapezpikua (Beire, 1549 - Goa, India, 1617). Jesusen Lagundian sartu zen 1568. urtean. 1575. urtean apaiz izendatu zuten eta sei urte geroago Indiako bidean jarri zen. Goatik igaro eta gero Lahorera joan eta Akbar enperadorearen lagun egin zen. Persiera ikasi eta gortean jarri zen bizitzen enperadorea kristautu asmoz. Kristoren Bizitza idatzi zuen persieraz 1602. urtean. Hiru urte geroago Akbar enperadorea hil zen eta Yahangir seme-ondorengoa jarri zen errege. Jeronimo de Ezpeletak espainiarren, portugaldarren eta ingelesen konkista ahaleginek nahasiriko Persiako politikan murgildu behar izan zuen eta enperadorearen aholkulari bihurtu zen. 1615. urtean bake hitzarmena izenpetu zen portugaldarren eta mogolen artean. Aipaturiko bake hitzarmena Jeronimok berak izenpetu zuen. Ondoren Goara itzuli eta San Paulo eskolako erretore izendatu zuten baina handik gutxira hil egin zen, 1617. urteko ekainaren 27an.