Evora, Cesaria
Caboverdetar abeslaria (Mindelo, 1941). Musikazaleez osaturiko familia batean sortu zen, eta gazterik hasi zen abesten, bizibidea ateratzeko, baina 1980ko hamarraldian hasi zen ospea irabazten, Portugalen diskoak grabatzen hasi zenez gero, batez ere. Harrezkero Europa guztira zabaldu ditu bere sorterriko doinuak, morna izeneko abesti nostalgiaz beteak, kultura portugesaren eta afrikarraren lotura erakusten dutenak. 1990. urtean argitara emandako Distino di Belita diskoarekin egin zen ezaguna Europan, eta erabateko arrakasta lortu zuen handik bi urtera Miss Perfumado izenekoarekin. Azken lanetan bereziki aipatzekoak dira Sodade antologia eta Cesaria. Cesaria Evoraren ezaugarri aipagarriak dira bere ahotsaren indarra eta doinu malenkoniatsua.