Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Etxalar

Nafarroako ipar-mendebaleko udalerria (Bortziriak, Iruñeko merindadea), Nafarroa Garaiaren eta Lapurdiren arteko mugan. Mugak: iparraldean Bera eta Sara, ekialdean Baztan, mendebalean Lesaka eta Igantzi, eta hegoaldean Sunbilla eta Bertizarana. Goratasuna 100 m. 46,26 km2. 1998ko datuen arabera, 812 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (etxalartarrak). Auzoak: Gorosurreta, Lakain Apezborro, Larrapil Sarriku, Lurrizti, Orizki eta Urritzokieta. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak, % 90. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Nekazaritza (artoa, barazkiak, bazkarako landareak, behi eta ardi azienda; langileen % 40) eta industria (janari industria, zurgintza, eraikuntza, ehungintza; langileen % 40) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak.  v  Historia. Tradizioaren arabera, Pirinioetatik Hispaniara sartu zen Ponpeio jeneral erromatarrak Pompeiopolis izena eman zion Etxalarko herriari. Karlos III.a Nafarroako erregeak hainbat eskubidez hornitu zuen Etxalar, herriak erreinua babestearren betetzen zituen zerbitzuen truke. Konbentzioko Gerraren garaian (1794) oste frantsesek hartu zuten Etxalar, Baztan eta Bera arteko komunikabidea eteteko.